Luis Mari Mujika Filologian doktore egin zen eta EHUk Donostian daukan Irakasle Eskolan hainbat urte eman zituen. 1990eko hamarkada erdi aldera ‘Egan’ literatur aldizkariaren koordinatzaile lanak egiten hasi zen. Literaturaren azterketan nabarmendu zen, besteak beste. 1965az geroztik zen euskaltzain urgazle.
Literatur zalea zen, baina hiztegigintza eta toponimia ere landu zituen, Euskal Herriko toki izenei buruz 18 liburu plazaratu zituela 1980ko hamarkadan (‘Euskal toponimiazko materialeak’). Beranduago, ‘Iparraldeko toponimia’ argitaratu zuen (Hiria, 2005).
Hainbat literatur sari lortu zituen Mujikak bere garaian; tartean, Kritikaren saria (‘Hitzak ebakitzean’), Lizardi olerki saria (‘Aire neurtuak’), Txomin Agirre eleberri saria bi aldiz (‘Loitzu herrian uda partean’ eta ‘Hiru egun Larburun’), Irun Hiria poesia saria (‘Nire soneto beroak’), eta Irun Hiria eleberri saria (‘Bidean ihes’).
Filologia eta azterketa literarioko liburuei dagokienez, 1982an ‘Latina eta erromanikoaren eragina euskaran’ (Sendoa) argitaratu zuen; 1983an, ‘Lizardiren lirika bideak’ (Haranburu); 1984an, ‘Miranderen poesigintza’, eta 1985ean, ‘Euskal lirika tradizionala’.
«Garai latzetan, euskararen suspertzailea izan zen. Horrez gain, euskal letretan egile fina eta ikertzaile nekaezina. Hainbat gauza ikasi genituen bere lanetatik», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak.