NAIZ

Bizkaiko Txakolinaren Eguna Kafe Antzokian

Bizkaiko Txakolinaren Eguna ospatuko du asteazken honetan Bilboko Kafe Antzokian. Aurtengo  «enbaxadoreak» Athleticen emakumeen taldea eta Eva Mena artista izango dira.

Bizkaiko Txakolina
Bizkaiko Txakolina

Bizkaiko Txakolin jatorrizko deituraren kontseilu arautzaileak jakinarazi duenez, arratsaldeko 13.00etan hasiko da ekitaldi nagusia, musika sarrera batekin. Jarraian, Iñaki Aretxabaleta kontseilu arautzaileko lehendakariak hartuko du hitza.

Ondoren, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriaren zuzendariak eta Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak hitz egingo dute.

Jarraian, Bizkaiko Txakolinaren 2017ko «enbaxadoreak» ofizialki izendatuko dituzte. Aurten, Athleticen emakumezkoen taldea eta Eva Mena kale artista, muralista eta graffitera izango dira. Ondoren, aurtengo txakolinaren aurkezpena eta dastateka egingo da. Lan hau Euskadiko Sumillerren Elkarteak aukeratutako hiru sumillerrek egingo dute.

Bizkaiko Txakolinaren dastaketa batzordeak bi txakolin aukeratu ditu aurtengo uzta ordezkatzeko txakolin instituzional moduan, Bizkaia dagoen ekitaldietan jatorrizko deituraren etiketa propiarekin: «Lapazaran» txakolina, izen bereko Muxikako upategikoa, eta «Mendiolagan» txakolina, Orozkoko Bizkaibarne upategikoa.

Ospakizunaren bigarren zatia arratsaldeko 20.30ean hasiko da, eta musika zuzenean izango da Kafe Antzokian, Madera eta Señores taldeekin. Sarrera eta hiru txakolin doan izango dira gonbidapen bidez.