NAIZ

Jendetza bildu du Korrikak Bilboko kaleetan

Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterriak igaro ondoren, arratsaldeko 17.00ak aldera iritsi da Korrika Bilbora. Jendetza handia bilduta, lau ordu eta erdi inguru eman ditu bizkaitar hiriburuan gora eta behera.

Milaka euskaltzale bildu ditu Bilbon Korrikak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Milaka euskaltzale bildu ditu Bilbon Korrikak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Goizeko 5.00etan Barakaldoko bizilagunen esku zegoen lekukoa. Ezkerraldean hainbat kilometro eginda (bertara paddle surf egiten iritsi ostean), Meatzaldetik eta Enkarterritik igaro da Korrika, Arabara salto egin aurretik.

Bizkaira itzulita, 20. Korrikak Bilborako bideari ekin dio, Sodupe eta Alonsotegitik. 17.00ak aldera sartu da hiriburuan, Zorrotzatik, eta lau ordu eta erdiz ibili da auzoetan eta erdialdean zehar. Bertan izan ditu zain, besteak beste, Ongi etorri errefuxiatuak plataforma, Kakitzat edo Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa.

Juan Mari Aburto alkatea edo Athleticeko kideak ere ikusi ahal izan ditugu lekukoa eskuan.

Jendetza bildu du Korrikak Bizkaiko hiriburuan, bai erdigunean bai auzoetan.

San Inazio auzoan, lekukoak bilbotarrak agurtu eta Txorierrirantz egin du. Gauerdian, Korrika zale andana bilduko da Txorierri eta Arratia artean, Usansolon. Izan ere, bost kilometroko tartean, 22 kilometro birtual eta beste horrenbeste lekuko aldaketa izango dira.

Ostiral goizaldean, Korrikak Arratiako herriak zeharkatuko ditu. Araba aldean, Gorbeia azpiko herrietan ibiliko dira lasterka korrikalariak gaua uxatzen. Egunsentiak Barrerilla mendatea jaisten harrapatuko du 20. Korrika, 07.30ak jota Urduñan sartzeko prest.

Azken txanpan sartzear da euskararen aldeko lasterkaldia, zeinek igande eguerdian harrapatuko duen Iruñeko helmuga, hiri zabalduko den jai berezi batekin.