Roglicek arriskuan jarri du De la Cruzen lidergoa, faboritoen taldearekiko bi segunduko aldearekin iritsi baita txirrindulari esloveniarra helmugara. Hortaz, txirrindulari katalanak sailkapen nagusiaren buruan jarraitzen du, baina segundu bakar bateko aldearekin.
Roglicen atzetik, berrogeita hamar bat txirrindularik osatutako pelotoia sartu da, Eliptika plazan izandako erorikoak zatitua. Michael Matthews australiarra izan da bigarren eta Giovanni Visconti italiarra, hirugarren.
Alberto Contadorrek izan dituen ia etengabeko arazoek markatu dute laugarren etapa hau, bi aldiz erori baita eta, gainera, gurpila zulatu baitzaio. Faboritoekiko aldea ez galtzeko bi aldiz aldatu behar izan du bizikleta.
Pintokoa bakarrik sartu da helmugara, helmugarako kilometro bat baino gutxiago falta zela erori baita bigarren aldian.
Bihar, ostirala, bosgarren etapa izango da jokoan, dudarik gabe Itzuliko ikusgarri eta gogorrena.
Arrateko santutegian amaituko da etapa, baina bi aldiz Izua igo ondoren, txirrindulariek hain ezaguna ez duten aldetik igoko dute etapa amaieran Usartza. Matxariatik, hormigoizko zati bat barne, igoko duten mendateak %10etik gorako batezbestekoa du eta, hor, igotzaile indartsuenek, etapa lehiatzeaz gain, sailkapen orokorrari begira aldea atera nahiko diote beren arerioei.