NAIZ
BILBO

Leioak azaroaren 5ean egingo du galdeketa eta Getxo ere abian da

Azaroaren 5ean egingo du Leioako Gure Esku Dagok estatus politikoaren inguruko herri galdeketa eta getxoztarrek, Batzorde Sustatzailea aurkeztuta, galdeketa egiteko sinadura bilketari ekin diote.

Azaroaren 5ean egingo duten galdeketaren aurkezpena, Leioan. (GURE ESKU DAGO)
Azaroaren 5ean egingo duten galdeketaren aurkezpena, Leioan. (GURE ESKU DAGO)

Udazkenerako aurreikusitako galdeketen olatua martxan jartzen hasia da. Atzo, Leioako Gure Esku Dagok ekitaldi batean aurkeztu zuen azaroaren 5ean egingo duen galdeketa.

30.000 biztanletik gora ditu Leioak eta, bertako taldeak azpimarratu zuenez, galdeketa lagungarria izango da «leioaztarren artean zubi gehiago zabaltzeko, erabakitzeko eskubidearen aldeko borondate gehiago ehuntzeko, eztabaidatzeko eta euren iritzia adierazteko».

Hori dela-eta, dei berezi bat igorri nahi zieten herritarrei: «Beldur barik, hurbildu zaitezte guregana eta aurrera egingo dugu pausuz pausu».

Leioako galdeketaren aurkezpena egin zuten ordu berean, Getxoko Gure Esku Dagok Batzorde Sustatzailea aurkeztu zuen eta galdeketarako sinadura bilketaren hasiera iragarri zuen.

Sinadurak biltzeko bi hilabeteko kanpaina egingo dute. Ekainean jakinaraziko dute zenbat bildu diren eta, emaitzaren arabera, galdeketa deituko da.

80.000 biztanle dituen Getxoko udalerrian, besteak beste, honakoek osatzen dute galdeketaren alderdi tekniko eta funtzionalak koordinatuko dituen batzordea: Unai Baskurko, Begoña Galdeano, Maitane Nerekan, Laura Mintegi, Jone Uria edo Iñaki Zarraoa.

Azpimarratu zutenez, lau ardatzetan jaso dute Getxon herri galdeketa egitearen helburua: erabakitzeko eskubidearen aldeko gihar soziala handitzea, herritarrak ahalduntzea, demokrazian sakontzea eta emaitza kualitatiboa kuantitaboaren gainetik lehenestea.