Korrikaren azken-aurreko eguna Goierriko azken kilometroetan hasi dute lasterkariek, goizeko seiak pasatxo. Beste korrikalari askoren artean, Gaintzako herritarrek lehenengo aldiz hartu dute lekukoa Zaldibian, euren herrirako bidegurutzean (2240). Idiazabal, Segura eta Zeraindik, Legazpira iritsi dira korrikalariak. Han, Irabazi alderdi politikoak lehenengo aldiz hartu du lekukoa (2285). Eta Legazpiko Gaztetxeak 20 urte beteko dituenez Korrika pasa den egun berean, Gazte Asanbladak kilometroa (2283) erosi du hori ospatzeko.
Debagoienerako bidean, 11.30ak inguruan Udana gainean hartu du Udalak Oñatiko lehen kilometroa (2287). Eskualde honetan, enpresa eta eskola asko izan dira kilometro erosle eta lekuko eramaile. Besteak beste, aurten Kilometroak jaia antolatuko duen Oñatiko Txantxiku ikastola (2293).
Arrasaten, berriz, AED, Ekin eta Txatxilipurdi elkarteen kilometroan Eguzkilaru panpinak eraman du lekukoa (2303). Halaber, bitxia izan da Gatzagako herritarren parte-hartzea ere: angula zozketa egin dute dirua bildu eta hiru kilometro (2318, 2319, 2320) erosteko. Lekuko eramaileak erabakitzeko ere, zozketa egin dute herritarren artean.
Arabako Lautadara jo du ondoren Korrikak. Irudi polita ikusi ahal izan dugu Landan: Artzain Txakurren Lagunak elkartea, lekuko eramaile (2323), hamarka lagun euren txakur eta guzti.
Gainera, Gipuzkoa eta Bizkaiko jende asko ere izan da Lautadan, hainbat koadrilak erosi baitu kilometroa eskualdean, astebururako plan polita osatuta. Era berean, Lautadako udalerriak osatzen dituzten administrazio batzorde askok erosi dute kilometroa.
Sakanatik Iruñera
Horrela iritsiko da Korrika berriro ere Nafarroara, larunbat gaueko 22.00etan Sakanan sartuta. 2386a izanen da lehen lekuko aldaketa. Hortxe izanen dira Sakanako Itsasi AEK euskaltegiko lagunak harrera egin eta lekukoa hartzeko prest.
Bost ordu emanen ditu Sakanan, goizaldeko hiruretan Atondotik Iruñerako bidea hartzeko. Bailara honetako herri guzti-guztietako udalek eramanen dute lekukoa, baita kontzejuek ere. Eta Sakanako Mankomunitateak ere bere kilometroa izanen du. Horiekin guztiekin, Sakanako hamarnaka enpresa eta langile komite, elkarte, gazte asanblada, kirol elkarte, ikastola... Gau interesgarria izanen da, eta jendetza egonen da. Goizaldeko 3.09an azken txanpari ekingo dio 20. Korrikak, Iruñerrian sartuta.