NAIZ

DSBEn murrizketen aurkako gose greba amaitutzat jo dute

19 egunez gose greba egin ostean, protesta amaitutzat jo dute ‘Ez dugu irensten’ kanpainako hiru kideek. Gaur ia 5.000 sinadura erregistratu ditugu Gasteizko Legebiltzarrean eta protesta ere egin dute bilkuran eta hemendik aurrera, borroka «bide berri bati» ekingo diotela iragarri.

19 egunez gose greba egin ostean, protesta amaitutzat jo dute ‘Ez dugu irensten’ kanpainako hiru kideek.
19 egunez gose greba egin ostean, protesta amaitutzat jo dute ‘Ez dugu irensten’ kanpainako hiru kideek.

Lakua DSBEn (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) burutzen ari den murrizketen aurkako gose grebak hemeretzigarren eguna bete duten honetan, protesta amaitutzat jo dute. Zortziki ekin zioten protestari eta hiruk jarraitzen zuten. Jakinarazi dutenez «bide berri bati» ekingo diote.

Ohar baten bidez salatu dutenez, «gaur, Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuen onarpenarekin, demokraziaren historian eman den eskubide sozialen murrizketarik handiena eman da, DSBE eta EPOn hain zuzen». EAJ eta PSEren aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin, 2017rako EAEko Aurrekontuak onartu dira.

«Aurrekontu hauekin EAJ, PSE eta PPek aberatsak defendatzea erabaki dute, AHT irrikatzen dutenak, Madrilera negozioak egitera joaten diren horiek defendatzea erabaki dute; eta bost axola zaie bizirauteko DSBEren beharra duten horiek. Gaur ostiko galanta eman diete EAEn pobreziaren atarien diren 194 000 pertsonei», gehitu dute.

Gaur ia 5.000 sinadura erregistratu ditugu Gasteizko Legebiltzarrean eta protesta ere egin dute bilkuran. Honen ostean, kanporatuak izan dira eta kalean zegoen elkarretaratzera batu dira.

Gose greba amaitu arren «borroka luzearen etapa baten amaiera» baino ez dela azpimarratu dute. «Esparru sozial, sindikal, pentsionistak eta hirugarren sektoreko erakunde guztiak bat egiten dugu diogunean murrizketen aurrez aurre izango gaituztela eta DSBEren legearen erreforman tinko jardungo dugula Gobernua eta parlamentu-taldeak presionatzen eta honela eskubideak hobetu eta murrizketak bertan behera utzi arte», adierazi dute.

Hilabeteetako lan honetan eta baita azken asteetako gose graba sindikatu, pentsionista talde, kolektibo eta erakunde ugarik babestu dute.