Aberri Eguna dugu gaurkoa. Urtero bezala, sentipen kontrajarriak ditugu. Alde batetik, ospakizun eguna da, Euskal Herria izan badelako, baina, aldi berean, ezin dugu ahaztu herri okupatua eta zatitua dela gurea. Horregatik aldarrikapen eguna ere badugu. Askapen prozesuak aurrera segitu behar duela nabarmendu eta indartu behar dugulako. Gaurko antolaturik dauden ekitaldietan etorkizuna borrokatzeko eta irabazteko gogoa erakutsiko duten milaka lagunei gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu. Doakie besarkadarik bereziena eta iraultzaileena kartzelan edo erbestean diren euskal independentistei ere.
Aberri Eguna abertzaleok gure egin dugun eguna izan da hamarkadatan. Herri gisa, ordea, euskal herritar ororen eguna izatea dugu helburu. Erronka, proiektu politiko jakin bat garatzea baino askoz gehiago, euskal herritar guztiontzat Estatu bat sortzea baita, guztiona, guztiok proposamen eta egitasmoak aurkezteko eta gauzatzeko aukera izateko.
Independentzia eta sozialismoa helburu ditugunok, zapalkuntza oro gainditu eta jendarte bidezko bat eraiki nahi dugunok ez daukagu zalantza izpirik ere: Euskal Estatua eraikitzea da egin daitekeen urratsik iraultzaileena. Ustelkeriaren harrak jota dauden eta zapaltzen gaituzten estatuetan ibilbide demokratiko osoa egitea ezinezkoa dela ikusi dugu behin eta berriro. Askatasuna, eskubideak, demokrazia eta bakea bermatzeko egin daitekeen hauturik eraginkorrena Euskal Estatua sortzea da. Helburu hori lortzeko egituratu beharreko ibilbidea da, horrenbestez, lehentasuna. Horixe da Aberri Egun honetan egin nahi dugun hausnarketa nagusia.
ETAren armagabetzea burutu berria izanik, sortutako egoerak ere merezi du hausnarketa. ETAk herriari hitz egin nahi dio. Zenbaitentzat propaganda eta intoxikazioa nagusi diren une honetan, “kontakizunaren batailarekin” erretxinduta, ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, zintzotasunez eta lasaitasunez hitz egin nahi dio Euskal Herriari.
ETAren ekimenen eta erabakien ardatza
Lehenik eta behin, ETArekin harremana abiarazi zuten Jean-Noël Etcheverryk, Mixel Berhocoirigoinek eta Michel Tubianak egindako lana eta izandako ausardia jendaurrean aitortu nahi ditu ETAk. Lan eta ausardia horiek gero eta artisau gehiago elkartzea lortu baitute, milaka eta milaka lagunen indarra bildu arte. Testuinguru horretan, Euskal Herrian indarrean diren erakundeek emandako babesa ere oso aipagarria izan da, azken unean kaskarkeriarik izan bada ere. Nabarmentzekoa ere indar politiko, sozial eta sindikal guztiek (eskuin muturra izan ezik) konponbidean lanean jarraitzeko azaldutako borondatea.
Horiek denak horrela, apirilaren 7an agiri bitartez jakinarazi genuenez, armak Euskal Herriaren esku utzi zituen ETAk. Gizarte zibilak hartua zuen armagabetzea azken bururaino eramateko ardura teknikoa eta politikoa, bere indarren eta ahalen arabera. Eginkizun zaila zen, hari-mutur asko zituena. Zailtasun horrek eta gero eta eragile gehiagok parte-hartu izanak armagabetze prozesuaren diseinuan moldaketak egitea eskatu dute, ezinbestean. ETAk ez du gizarte zibilak egindako kudeaketa txalotzea besterik, ez du ezer aurpegiratzekorik. Arrakastatsua izan da herri indarraren bidez lortutakoa.
Azken batean, eskema berri honetan sartzeko aukera mahairatu zenean, ahaleginak merezi zuela ondorioztatu zuen ETAk, herri gisa aritzeko eta herri gisa aurrera egiteko aukera ere sortuko zelako. Halaxe izan da. Irakasgai aparta izan dugu, etorkizuna eraikitzeko ere baliagarria izan behar duena. Horregatik, bakearen etsaiek egoera okertzeko eta frustrazioa sortzeko ahaleginari jarraituko ziotela eta jarraituko diotela jakinda ere, ETA prest agertu da hartu beharreko arrisku guztiak hartzeko, zirenak eta bi ere hartzeko. Euskal Herriak merezi duelako. Euskal Herrian konfiantza duelako.
Espainiako Gobernuak ETAk ezin duela ezer espero ordainetan esanez erantzun dio armagabetzeari. Egiari zor, ETAk aspaldi utzi zion ase ezina dena asetzeko urratsak egiteari. Gure hitzek eta, betez ere, ekintzek beste hartzaile batzuk dituzte; nagusiki, Euskal Herria, euskal herritarrak eta euskal eragileak. Armagabetzea Euskal Herriari begira egiteak herri honetan askatu beharreko korapiloei, egin beharreko eztabaidei eta egituratu beharreko prozesuei ahalik eta baldintza egokienetan ekitea du helburu.
ETAren jardun armatua askapen prozesuan aurrera egiteko gainditu behar genuela barneratu ostean, eta estatuekin inolako negoziazio aukerarik zabaltzeko baldintzarik ez zegoela ikusita, eskema aldatu eta armagabetzeak beste ezaugarri batzuk hartu zituen ETArentzat. Ez zen jada negoziaziorako moneta izango, ziklo independentista bultzatzeko eta estatuen itxikeria azaltzeko bitartekoa baizik, herri aktibazioa eta protagonismoa indartzea ezinbestekoa den ziklo honetan.
2011tik aurrera, estatuek armen aferari –eta gatazkaren beste ondorioei– heltzeari uko egin zioten aurreko zikloa ez ixteko eta gatazka betiko parametroetan irudikatzeko. ETAk armagabetzeko erabakia hartu duenean ziklo berria indartu eta ahal bezain beste argitzea bilatu du. Ekimen eta erabaki oro prozesu independentista herritarra egituratu eta abiatzeko erronkaren zerbitzura bideratu nahi du ETAk.
Aldi berean, Euskal Herrian osatu beharreko burujabetza prozesuak ezaugarri bereziak eta propioak izan behar dituela kontuan hartu behar dugu guztiok, besteak beste, gatazka politikoaren ondorioei aterabidea emateko premiari erantzun beharko baitio prozesu horrek.
Horixe guztia da, hain zuzen ere, ETAk burutuko duen barne hausnarketaren ardatza. Zenbaitek –sarri, bere gabeziak eta eskasiak estaltzearren– ETAri hurrengo exijentzia jarri nahi dio, berriro ere geldialdiak eta blokeoak justifikatzeko, aurrera ez egiteko. Aurrera egin beharra dago, ordea, eta horretan du arreta jarrita ETAk. Horregatik, azken urte hauetako ibilbideaz gogoeta egingo du eta aurrera begirako erabakiak kidego osoak hartuko ditu, erantzukizunez.
Aukera historiko baten aurrean
Ikuspuntua zabaldu behar dugu. Borroka urte askoren ostean baldintza egokiak sortu dira: frankismoaren erreformatik eratorritako marko juridiko-politikoaren erabateko agortzea; estatuak, bereziki espainola, krisi sakonean sartu izana eremu ezberdinetan; erabakitzeko eskubidearen nagusitasuna euskal jendartean; burujabetzaren aldeko indarren artean akordioak egiteko aukerak; independentzia egitasmoa Europan (Eskozia eta Katalunia) egingarria dela egiaztatzea; aldaketa sozio-politikoaren aldarrikapena errotu izana; Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan egindako urrats esanguratsuak; Nafarroa Garaian erregimena behera botatzeko bidea hasi izana; gatazkaren ondorioei aterabidea emateko herri gogoa; mobilizazio eta herri aktibaziorako gaitasun handia; erakundeetan eragiteko gaitasuna...
Euskal Herria bidegurutzetik ateratzeko oinarria jarri dugu herri gisa. 2011ko gertakariek eta erabakiek (ETAk borroka armatua utzi izana, horien artean) jokaleku berria sortu zuten, gabeziak gabezia eta arazoak arazo, eta krisiak jotako estatuek ez dute euskal herritarren beharrizanei erantzungo dien eskaintza demokratikorik. Egoera orokor horretan burujabetzarantz abiatzeko ordua iritsi da.
Erronka nagusia Euskal Estaturanzko ibilbidea, herri prozesu gisa ezaugarritua, nagusitzea da. Egun, ibilbide horrek bi lehentasun ditu: Euskal Herriaren estatus politikoa modu demokratikoan erabakitzea ahalbidetuko digun prozesu sozio-politiko eta instituzionala azkartzea, eta eskaintza zein subjektu independentistaren berritzea eta indartzea. Alegia, Euskal Herrian, estatuen blokeo eta mehatxuen gainetik, agenda propioa nagusitzea lortzea.
ETAk lan horretara lotzeko eta konpromisoa handitzeko deia egin nahi die ezkerreko independentista guztiei, askapen prozesua sendotzeko eta itzulezin bilakatzeko. Gure aurrekoei eta, batez ere, gure ondokoei zor diegu.
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!
Euskal Herrian, 2017ko apirilaren 16an
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.