Maite Ubiria Beaumont
BAIONA

Euskaltzaleei harrera beroa eskaini asmoz, sorpresaz beterik dator Herri Urrats

‘(H)aizu!’ lelopean, Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdiko ikastolen urteko festa nagusia den Herri Urrats heldu den maiatzaren 14an ospatuko da Senpereko aintziran. Euskal Herri txoko guztietatik etorritako herritarrei «gero eta harrera hobeagoa» eskaintzeko xedez, antolaketa aldaketa esanguratsuak egin dituzte arduradunek. Horrez gain, adin ezberdinetako euskaltzaleak asetzeko moduko egitaraua aurkeztu dute Seaskako arduradunek.

Herri Urratsen arduradunen agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Herri Urratsen arduradunen agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Aurtengo Herri Urrats bestarako hamar egun eskas falta direla, Ipar Euskal Herriko ikastoletako hitzordu nagusiaren antolatzaileek, urtero bezala, Senpereko lakuan eginen den bestaren nondik norakoak azaldu dituzte Baionan.

‘(H)aizu!’ lemapean, egun osoko egitarau aberatsa eskainiko du aurtengo Herri Urratsek. Finean, Euskal Herriko txoko anitzetatik heldutako euskaltzaleek merezi duten «ongi etorri beroa» eskaintzea baita xedea.

Horri begira, eta urtero-urtero Herri Urratsen harira borondatezko lana egiten duten ehunka gurasoen iritziak aintzat hartuta, antolaketa aldetik hainbat aldaketa eginen dituzte. Herri Urratsen besta eguna baino, lan eta konpromiso eguna bezala hartzen duten ikastoletako guraso eta lagunek ahal den eta baldintza egokienetan jardun dezaten, era horretan Senpereko aintzirara hurbilduko diren milaka euskaltzalek harrera hobeagoa ere jaso dezaten. Esaterako, basoen banaketa aldaketak izanen dira.

Herri Urratsek beste hainbat sorpresa ekarriko ditu. Hartara, Lapurdi gunean, zikiro eta sagardotegia izanen dira, ohi bezala, baina horrekin batera, aurten «gune hori oraino herritarragoa bilakatuko da, bazkari alaitu berriari esker».

Bestalde, dantza emanaldiak Gipuzkoa gunera eramango dituzte, eta eremu horretan proposaturiko programazioa musika eta bertsolaritzarekin osatuko da.

Azkenik, hondartza aldera antolaturik den Xiberoa gunean haur eta gazteentzako animazioak, haur jolasak (puzgarriak) eta azken urteotan arrakasta handia bildu duen Erronka, gazteen arteko kirol topaketa, antolatuko dira. 11.00etan hasi eta ordubata bitartean jokatuko diren ikasleen arteko desafioak lau kirol edo jolas jardueretan gauzatuko dira: Slack line, Bumper ball, Surf paddle eta Pedalo.

Herri Urratseko arduradunen ustez, «egokitzapen horiek festaren ibilmoldea erraztuko dute», Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasle zein gurasoak, baita gainerako euskal herrialdeetatik bertaratuko diren herritarrak ere Senpereko aintziran egun eder bat pasatzeko aukera eskainiz.

Egokitzapenak, hobekuntzak, berrikuntzak… Seaskak buru belarri jarraitzen du lanean euskarazko hezkuntzaren eskaintza zabaltzeko hiru lurralde hauetan. Urte osoan zehar gauzatzen den lan eskargari esker 10 milioi euroko proiektua, inoiz Seaskak aitzina eraman duen handiena, gauzatzeko bidean da. Lizeo berriaz ari gara, ametsa izatetik errealitate izatera igaro delarik.

Izan ere, mobilizazioa eta elkarlana ezinbestekoak izanen dira egitasmo hori eta beste anitz gauzatzeko. Heri Urratsera gerturatzeko deia, beraz, inoiz baino beharrezkoa jotzen duten Seaskako arduradunek.

Egitaraua

Horretarako, urtero bezala, Herri Urratsera hurbildu nahi duten lagunentzat, autobus linea zuzenak prestatuko dituzte. Bestalde, Herri Urrats elkarteak egun osoan zehar Senpere herria eta aintzira lotzen dituen autobus linea bat antolatuko du, doan, aurten ere. Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, beraz, aintzirara hurbiltzeko.

Bertan izanik, animazio ugari aurkituko dituzte bertaratuko diren milaka euskaltzaleek. Horietarik batzuk aipatzearren, Gipuzkoa gunean honako dantza taldeek jardungo dute: Luhusoko dantza taldea, Uztaritzeko Izartxo, Gipuzkoako Ereintza taldea eta, sorpresekin jarraituz, oinarria euskal dantza dutelarik, antzerki dantza ikusgarriaren bidez haien antzezteko modu berria proposatzen duen Tio Teronen Semeak taldeak.

Araba gunean musika nagusituko da. Hango oholtza talde ugarik zapalduko dute. Esaterako Otxalde folk taldea, okzitandar dantzaldia eskainiko duen Dje Baleti taldeak, Gipuzkoatik etorritako Huntzak edo Xabaltx bakarlariak.

Nafarroa gunean, berriz, giroa ere ez da faltako, bertan izanen dira Aldiz, Bernat Etxepare lizeoko gazteek osaturiko rock taldea, Muda, Zoo, Ekintza, baita ospe handiko musikariak ere. Hala nola Anje Duhalde, Zea Mays edo aurtengo Herri Urratseko kantuaren egile den Ken Zazpi taldea.