Adierazpen bateratu bat irakurriz eman diote hasiera Euskal Herriaren etorkizun politikoaz galdetuko duten 52 herriek. Orotara, 248.000 euskal herritarren izango dute aukera igande honetan euren iritzia hautetsontzi bidez adierazteko.
Hala, 550.000 lagun bizi diren eremuetara iritsi da Gure Esku Dago mugimenduak hauspotu duen erabakiaren olatua.
12.30ean jakinaraziko dituzte lehen parte hartze datuak, Durangon egingo den ekitaldian. Bertan izango dira, besteak beste, Anjel Oiarbide eta Zelai Nikolas GEDeko bozeramaileak, Manu Gomez Etxarri-Aranatzeko ordezkaria (bertan egin zen lehen herri galdeketa 2014an) eta Kataluniako ANCko presidentea den Jordi Sanchez.
Azken hilabeteetan egin duten lana azpimarratu dute herriz-herri irakurri den adierazpen bateratuan, erabakitzeko eskubidea aldarri izatetik gauzatzera igaro direla nabarmenduz. Ehundutako konplizitateak ere goraipatu dituzte, eta parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute.