«Erasoa ustelkeriaz goraino dauden enpresekin (eta alderdiekin!) paktuak egitea da; erasoa urteetan zorpetuko gaituzten kontratuetan sartzea da; erasoa amalurra txikituko duten proiektuak eraikitzea da; erasoa gure osasuna hipotekatzea da. Hori guztia gutxi batzuen poltsikoen mesedetan. Nor da erasotzailea? Nor da herriaren gainetik pasatzen ari dena?», gaineratu du Ernaik.
«PNVk esan izan digu erraustegia dela geratzen zaigun aukera bakarra. Zorionez, hainbat udalerritan kontrakoa frogatu da: herritarrok konpromisoa eta borondatea izanda, alternatibak errealak eta posibleak dira. Orduan, zergatik tematzen da hainbeste PNV erraustegiaren inposizioan?», adierazi du Ernaik.
«Haien engranajearen beste pieza bat da erraustegia. Izan ere, bulego ilunetan itxitako (eta jatetxe garestietan ospatutako) tratu milionarioak dira haien boterearen berme, eta xede. Argi dago erraustegiak ez diola herriaren interesei erantzungo, gutxi batzuen poltsikoen mesedeei baizik; horregatik, ezikusiarena egin dute herritarrok kalera atera garen bakoitzean. Horren erakusle da astelehenean Gipuzkoa osoan herriz herri egin ziren mobilizazioei muzin eginda, asteazkenerako obren hasiera iragarri dutela Zubietan. PNV herriaren gainetik igaro da; beste behin ere», esan du Ernaik.
«Urteetan zehar Euskal Herriak erraustegiaren aurkakotasuna tinko erakutsi izan du. Azken hilabete luzeetan kaleak hartu ditugu; Gipuzkoan aurrekaririk gabeko mobilizazio zikloa irekiaz. Ustelkeriaren aurrean, bizitzaren aldeko hautua egin dugu Gipuzkoako herritarrok; behin eta berriro. Horren aurrean, PNVk ez du bere asmoak aldatzeko keinu txikienik ere egin», azaldu gazte erakundeak.