NAIZ
IRUÑEA

LAB «ez dago batere konforme» Nafarroako euskara dekretuarekin

LAB sindikatuak «bere harridura eta erabateko desadostasuna» adierazi ditu administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuaren behin betiko idazkian Nafarroako Gobernuak txertatutako azken aldaketekin.

Ana Ollo kontseilaria, dekretua aurkeztu zuenean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Ana Ollo kontseilaria, dekretua aurkeztu zuenean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

«Nafarroako Gobernuak administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua onartu baino lehen, martxoan Administrazioko Mahai Orokorrera eramandako bertsioan aldaketa berriak txertatu ditu. Gobernuaren onespenerako aurkeztuko den dokumentua, aldaketa nabariak zituela, pasa den asteko Mahai Orokorrera berriz eraman zen. LAB sindikatuaren iritziz, egindako moldaketa ez da azalekoa, edukia nabarmenki aldatu baita hiritarren hizkuntza eskubideak murriztuz, zonalde misto eta ez-euskaldunean batik bat. LABek prozeduran seriotasun falta sumatzen du. Izan ere, aldaketak ez dira justifikatu behar den bezala», adierazi du sindikatuak.

«Otsailean lehenengo zirriborroa ezagutzera eman zen. Sindikatuek ekarpenak egin ondoren, onartutakoekin bigarren bertsioa idatzi zen. Baina martxoan Administrazioko Mahai Orokorrean bozketaren bezperan aldaketa berriak egin ziren. Pasa den astean, argi gelditu ez diren arrazoiak direla medio, laugarren bertsioa mahai gainean jarri zen. Martxoko Mahai Orokorrean LAB abstenitu egin zen dekretuan euskararen normalizaziorako bidean lagunduko zituzten aurrerapausoak balioesten zituelako. Hala ere, jarrera kritikoa zeukan “Vascuenceren Legea” ontzat emanez zonifikazioari eusten ziotelako eta ez zuelako bermatzen nafar guztien eskubidea administrazioaren aurrean hizkuntza aukeratzeko», gaineratu du LABek.

«Behin betiko bertsioa izanen omen denaren aurrean, LABek forma eta funtsa kritikatu ditu. Batetik arrazoi garbirik gabe Mahai Orokorretik pasatako dokumentua berriz aldatu da, eta bestetik, bertsioz bertsio egindako aldaketan atzerapauso nabarmenak dira, hiztunei aitortutako eskubideak gero eta murritzagoak dira, euskara hizkuntza gutxituaren normalizazioa zailtzen joan da eta proposatutako agertokiak gero eta antza handiagoa dauka UPNk utzitako egoera diskriminatzailearekin. Hori guztia dela eta, pasa den asteko Mahai Orokorrean LABek aurkeztutako dokumentuaren aurka bozkatu zuen», azaldu du.