@gara_miantzi
BERA

Bortziritarrek ekainaren 18ko herri kontsultarako adostu duten galdera aurkeztu dute

«Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?». Horixe, heldu den ekainaren 18an eginen duten herri galdeketarako bortziritarrek adostu duten galdera. Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzako ordezkariek aurkeztu dute, Gure Esku Dagoren kamiseta laranjak eta Eman Bortzekoa elkarteko zapi zuriak soinean, Berako Beralandetan.

Ekainaren 18ko kontsultetarako galderararen aurkezpena egin dute Beran. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Ekainaren 18ko kontsultetarako galderararen aurkezpena egin dute Beran. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Eman Bortzekoaren izenean, Aintzane Pikabeak eta Ines Matxiarenak hartu dute hitza, honaino ailegatzeko egin duten bidea kontatzeko. Joan den urtarrilean aurkeztu zuten elkartea Lesakan, eta horrekin batera erronka handi bat hasi zuten: herri galdeketa antolatu eta gauzatzearena.

Aurrena, herriz herri sinadurak biltzeari ekin zioten. Bi hilabetetan herriek babesa eman behar zioten Eman Bortzekoari, galdeketaren antolaketan aitzinera egiteko, eta bortz herrietan behar zituzten sinadura kopuruak jaso zituzten. Horregatik, lehenbizi, zorionak eta eskerrak eman dizkiote bortziritarrei.

Galdera adostea izan zen hurrengo pausoa. Apirilaren hasieran hasi ziren horretan, prozesu parte-hartzaile eta irekia martxan jarriz. Deialdi zabal batekin, bortz herrietako biztanleei luzatu zieten gonbita. «Lehenbiziko bilera arrakastatsuan, Gure Esku Dagoko Nafarroako koordinatzaileak prozesu honen nondik norakoak azaldu zituen eta bertaratuok, ariketa batzuen bitartez, galdera ahalik eta modu zabalenean adosteko beharraz jabetu ginen».

Bilera hartaz geroztik, herriz herri, lagunartean, familian, lankideekin, inguruko jendearekin modu ezberdinetan biltzeko aukera izan dute, denen iritziak eta proposamenak jasotzeko. Azkenean, hilabete luzez landu ondotik, maiatzaren 4ko azken bileran, nahi zuten bortziritarrak bildu eta galdera idazteari ekin zioten.

«Galderak baldintza batzuk bete behar zituen: argia izan behar zuen, inork inolako zalantzarik eduki ez zezan ekainaren 18an galdetuko denaren inguruan (…). Herritar guztiek parte hartzea denez helburua bozkatzaile guztiak eroso sentitzeko moduko galdera bat idaztea beharrezkoa zen, aldeko zein kontrako iritziak dituzten horiek nahi bezala, erosotasun osoz bozkatu eta horregatik sentsazio kontrajarririk ez edukitzeko. Azkenik, ondorio bat bilatu behar duen galdera da, galdeketa hau erreferendum bilakatzean baliagarri izateko moduko galdera izan dadin eta herriaren iritziak betidanik behar duen pisua izan dezan».

Hala, hauxe da bortziritarrok adostutako galdera: «Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?».

Ekainaren 18ko hitzordua bultzatzeko bideoklipa ere osatu dute: