Sakabanaketa politikak 30 urte betetzen dituenean, Estatu espainol zein frantseseko sei espetxetara martxak antolatu ditu ezker abertzalearen Kalera Kalera dinamikak. Zehazki, Curtis, Picassent, Puerto, Roanne, Fleury eta Saint Maur kartzeletara joango dira ehunka herritar dozenaka autobusetan.
Espetxe bakoitzean ekitaldiak egingo dituzte eta bertan Sortu, Ernai eta LABeko kideek hitza hartuko dute. Horrez gain, tokian tokiko zenbait taldek ere martxekin bat egingo dute, tartean Puerton egongo diren SAT sindikatuko kideak edo Fleuryra hurbilduko diren Elkartasun Taldeko ordezkariak.
Donostian egindako agerraldi batean, Sortuko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek azpimarratu du hitzorduak «berebiziko garrantzia» duela. «Presoak ez daude bakarrik eta hori esatera joango gara sei espetxeetara», adierazi du.
Apirilaren 8ko armagabetzearen ondotik, preso politikoen aferari «berehalako irtenbidea» eman behar zaiola exijitu du Sortuk. «Baionaz geroztik ez dago aitzakiarik: presoen eta iheslarien auziari lehentasuna eman behar zaio, bereziki preso gaixoei, egoera berehala eta behin betiko konpon dadin», nabarmendu du Rodriguezek.
Egunotan, EPPK «eztabaida mamitsua» amaitzen ari dela gogoratu du eta gaineratu preso politikoen ekarpena «funtsezkoa» izango dela «bake eta bizikidetza agertoki berri bat eraikitzeko». «Sortuk, beraz, presoak babestu behar ditu une honetan eta babes hori helarazteko Sortuko kideei euren ahalegina biderkatzeko deia egiten diegu».
Zentzu horretan, estatuen «bidegabekeriari» aurre egitea posible dela nabarmenduta, indarrak biltzeko deia egin du Arkaitz Rodriguezek. «Gizarte zibilaren eta eragileen arteko arteko lankidetza bat beharrezkoa da, hemengo erakundeekin batera, presoen auzia konpontzeko akordioetara iristeko», esan du.