NAIZ

Bilbotar Ospetsua izendapenean herritarrek parte-hartzea proposatu du EH Bilduk

Aitziber Ibaibarriaga zinegotziaren iritziz, «herritarren parte-hartzea ona da» eta «ezin dugu ulertu XXI. mendean alkatearen eskumena izatea bakarrik» Bilbotar Ospetsua izendapena erabakitzea.

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramailea Bilbon. (@ehbildubilbo)
Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramailea Bilbon. (@ehbildubilbo)

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, Bilbotar Ospetsua izendapena parte-hartze prozesu baten bitartez aukeratzea proposatuko du maiatzeko Udalbatzan.

«Horrelako neurri batek herritarrak, gaur arrotz zaien prozesu batean, inplikatzea dakar. Eta hori ona da hiriarentzat», azpimarratu du bozeramaileak.

Ibaibarriagak gogoratu du beste hiri batzuetan horrelako prozesuak egiten direla eta «arrakastatsuak dira bukaerara arte eramaten badira»-. «Herritarrei galdetu gabe titulua ematea iraganeko kontua da. Gainera, prozesu parte-hartzaile bat abian jarriz gero hurbileko pertsona edo elkarteei emango diegu titulua eta ez, adibidez, herritarrengandik urrun dauden multinazionalei», gaineratu du.

Beste alde batetik, umeentzako jolas-parkeak diseinatzerakoan umeen iritzia ere kontuan izatea proposatuko du koalizioak.

Maiatzeko Udalbatzam ere beste proposamen batzuk aurkeztuko ditu koalizioak. Horien artean, tranbiaren ibilbideko hainbat puntutan zimurdun baldosak jartzea eskatuko du ikusmen arazoak dituzten pertsonen segurtasuna hobetzeko.

Zezen plazaren kudeaketaren inguruan ere gardentasuna eskatuko du. «Gaur egun Flamarique S.L.-ren eskuetan dago kontratua. Inolako azalpenik gabe eta enpresarentzat baldintza oso onetan emandako kontratua da. Egoera hori enpresaren mesederako eta herritarren kalterako da», salatu dute agerraldian.

EH Bilduk proposamen bateratua aurkeztuko du ere Udalberri eta Goazenekin lan toxikoak egiten dituzten udal langileentzako. «Lan horiek egiten dituzten pertsonek, estolderia lanetan dabiltzanak esaterako, eskubidea izan behar dute erretiro adina aurreratzeko», laburbildu du Ibaibarriagak.