Maider IANTZI
DONOSTIA

Euskara ikasiz uda ahaztezina bizitzeko gonbidapena egin du AEK-k

20. Korrikarekin «BatZuk» leloa lau haizeetara zabaldu ondotik, udarako eskaintza oparoa egin du AEK-k. Familian, bizikletaz Euskal Herria zeharkatuz edota oinez, esperientzia ahaztezina segurtatua dago.

“Ez duzu ahaztuko” leloa aukeratu du AEK-k udako kanpainarako, barnetegia euskara ikasteko erarik «zuzen, eraginkor eta politena» delako. «Ez duzu biziko duzun guztia ahaztuko, ezta euskara bera ere», promes egin du Erkuden Aristu Fernandezek, aurten udako ikastaroen ardura hartu duenak.

Barnetegira doazenek euskaraz bizitzea izaten dute xede. Aunitz euskaltegian ibili dira, eta klasean ikasitakoa praktikan jartzera joaten dira. Euskararekin aurrerapauso bat ematera: euskaraz amestera, euskaraz harremanak izatera... Horretarako, makina bat aukera ematen ditu alfabetatze-euskalduntze erakundeak.

Euskalduntze barnetegiak dituzte Arantzan (B1 mailatik aitzinerakoentzat, baita A2 mailakoentzat ere) eta Urepelen (A1etik C1era).

Iazko berrikuntzetako bat izan zen A2 mailako barnetegien eskaintza (euskara maila apala duen jendearentzat), eta izan zuen harrera ona ikusita, zabaltzea erabaki dute.

Barnetegi ibiltariak ere badituzte, euskaraz bizitzeaz gain, kirola eginez ongi pasatzeko eta harremanak egiteko aukera ematen dutenak. Oinez edo bizikletaz egin daiteke 15 eguneko ibilbidea. Pilotaleku, kiroldegi eta aterpeetan egiten dute lo eta gibelean furgoneta bat izaten dute laguntzeko.

Ibilbide berria estreinatuko dute bizikletaz, Debatik Etxarri Aranatzera. Oinezko barnetegia, berriz, orain arte kostaldean barna ibili da eta uda honetan barnealdera pasatuko da, Areatza eta Izaba lotuz.

Abentura ukitu handia duten esperientziotan harreman estuak sortzen dira. Erlazioek urteetan segitzen dutela kontatu du Aristuk. Batzuek esperientzia errepikatzen dute, baina normalean izena ematen dutenek ez dute elkar ezagutzen.

Familia-barnetegiak hagitz lagungarriak dira seme-alabekin euskaraz bizi nahi dutenentzat. «Hizkuntza ohiturak aldatu eta transmisioan urratsak egiteko baliagarria da. 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoak hartzen dituzte. Gurasoak klasean dauden bitartean umeek bestelako jarduerak egiten dituzte begirale eta hezitzaile profesionalekin. Haurrek euskaldunak izan behar dute; ez da umeak euskalduntzeko barnetegia, gurasoak euskalduntzekoa baizik». Dena den, tailer eta txangoak egiten dituzte ume eta gurasoek elkarrekin, eta otordu guztiak ere bai.

Aek.eus webgunean ikus daitekeen “Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko” bideo-erreportajean, bertze batzuen artean, familia baten testigantza agertzen da eta azaltzen dute zenbat kostatzen den etxean hizkuntza ohiturak aldatzea. Bortxatuz gero, ez dela atsegina esplikatzen dute eta nola egin galdetzen diote beren buruari. Inguruak laguntzen badu, inguruko guztiek egiten badute, errazagoa da.

Trinkoak eta etxetik egitekoak

Bizilekutik urrundu ezin direnentzat ere badu proposamenik AEK-k, etxetik egiteko on-line kurtsoak eta trinkoak ere eskaintzen dituelako euskaltegietan. Azterketak prestatzeko ikastaroak ere emanen dituzte eta B1 egitaztatzea lortzen ahalko da barnetegietan. Zuberera ikasteko aukera ere egonen da Mendikotan.

«Jendea oso pozik ibiltzen da barnetegietan. Murgiltze sistema da, 24 orduan euskara inguruan izaten da, eta emaitzak ematen ditu», adierazi du udako ikastaroen arduradunak. «Autoestimua hobetzen da. ‘Gai naiz euskaraz egiteko’ esaten du jendeak. Aukerarik ez dutenentzat 12-15 egun euskaraz bizitzea sekulakoa izaten da eta gustura itzultzen dira», agertu du, denak probatzera animatuz.