NAIZ

Mercabilbaok 1.413 tona kudeatu zituen Bizkaiko Elikagaien Bankurako 2016an

Mercabilbao eta Bizkaiko Elikagaien Bankua lankidetzan aritu ziren 2016. urtean ere, eta banaketa zentroaren Elikagaien Unitatetik 1.413.400 kiloramo elikagai kudeatu ziren. Ekarpen gehienak frutak eta ortuariak izan ziren, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Mercabilbaoko 31 enpresa handizkarik indartu egin dute aurten Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin zuten konpromisoa, eta 418.700 kilogramo eman zituzten, hau da, 2016an hornidura merkatuak kudeatu zuen kopuru osoaren %29,62.

Gainerako elikagaiak Estatu espainiarreko elikadura kooperatibetatik heldu ziren. Kooperatiba horiek banaketa gunera bidaltzen dituzte euren soberakinak, eta handik Elikagaien Bankuari ematen zaizkio.

Bizkaiko Elikagaien Bankua 4.012.308 kilorekin aritu zen lanean joan den urtean. Hori dela eta, Mercabilbaotik kudeatutako kopurua beharra duten pertsonei entregatutako elikagaien %35,2 izan zen.