Alcobendaseko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Auzitegiak espetxera bidali du Rakel Lopez eibartarraren eta haren 12 urteko seme Markelen ustezko hiltzailea, Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak jakinarazi duenez.
Fidantzarik gabeko behin behineko espetxealdi komunikatua ezarri dio epaitegiak Mounir Ayad-i, bi hilketa delitu leporatuta.
Mounir Ayad, 37 urtekoa, joan zen asteartean atxilotu zuen Polizia espainiarrak Madrilgo Tetuan auzoan, parke batean. Gizona Rakel Lopezen bikotekidea da eta zigor aurrekariak ditu, baina ez tratu txarrengatik.
Maiatzaren 2an hil zituzten
Alcobendasen bizi zen Rakel Lopez Airas 44 urteko emakume eibartarra bere seme Markelekin. Joan zen maiatzaren 2an, 112 larrialdi zerbitzuetan dei bat jaso zuten, krimenaren berri emanez. Ustezko hiltzaileak berak senide bati kontatu zion egindakoa eta hark egin zuen deia.
Larrialdi zerbitzuetakoak eta Polizia eibartarraren etxera joan zirenean emakumea eta haren semea topatu zituzten, labankadez hilda. Berehala hasi ziren Lopezen bikotekidearen bila, baina herenegun arte ez zuten aurkitu.
Eibartarraren eta haren semearen hilketak salatzeko jendetza bildu zen handik bi egunera, Udalak deitutako elkarretaratzean.