NAIZ
BILBO

Sexu erasoen aurkako elkarretaratzea egin dute EHUren Leioako campusean

Ikaskide bati sexu erasoa egitea 20 urteko EHUko ikasle bat atxilotu zuen Ertzaintzak joan den ostiralean eta Arte Ederretako Ikasleen Kontseiluak jakinarazi du jazarpen kasu gehiagoren berri badutela. Erasoen aurkako elkarretaratzea egin dute Leioako campusean.

Sexu erasoen aurkako elkarretaratzea, Leioako campusean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Sexu erasoen aurkako elkarretaratzea, Leioako campusean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

«Erasoen aurrean autodefentsa feminista» zioen pankarta baten atzean elkarretaratzea egin dute Leioako campusean dagoen Mikel Laboa plazan.

Ertzaintzak 20 urteko ikasle bat atxilotu zuen joan den ostiralean, ikaskide bati sexu erasoa egitea leporatuta. Gertakari horren harira, EHUko Arte Ederren Fakultateko Ikasleen Kontseiluak ohar bat igorri du, kasu honen ingurukoak argitzeko.

Azaltzen dutenez, afera honen nondik norakoen berri jaso zutenean, dekankotzari jakinarazi zioten eta kasu hauetarako aurreikusita dagoen protokoloa martxan jarri zen.

Jazarpen kasu gehiago

Oharrean diotenez, hilabeetako lanaren ondotik jakin dute jazarpen kasu gehiago izan zirela eta erasook jasan zituztenen datuak Berdintasunerako Zuzendaritzari eman zizkioten, beraiekin harremanetan jartzeko. Ikasleetako batek salaketa bat jarria zuela ere jakin zuten.

Arte Ederretako Ikasle Kontseiluak «ozenki» salatu ditu jazarpen eta erasoak eta argi utzi dute «onartezina» iruditzen zaiela «ikasleak haien ikasketa zentrora beldurrez joatea». «Ikasgalak gune seguru bat izatea unibertsitatearen ardura dela» uste dute.

Gertatutako guztia argitzeko nahia adierazi du Ikasleen Kontseiluak eta, era berean, sexu jazarpena jasan izan duen edonori Berdintasunerako Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko deia ere egiten diote. Inork baliagarria izan daiteeken informaziorik edukitzekotan, Arte Ederretako Ikasleen Kontseiluarekin kontaktuan jartzeko deia ere egin dute (cec.fac.bellasartes@ehu.es).