Idoia ERASO
BAiona

Elkargoaren ekarpenarekin, euskara sustatzeko baliabide gehiago ditu EEPk

Euskararen Erakunde Publikoak 2017an izanen duen 4.167.030 euroko aurrekontua eta jarduera programa aurkeztu zuen atzo, biltzar nagusiaren ondotik. 3.015.330 euro eragileen artean banatuko du, bestea barne egituretarako da.

Euskal Elkargoak bere sorreran euskara politikaren eskumena hartu izana eta EEPko beste erakunde partaideek bezainbeste diru ezartzea laudatu zuen Mathieu Bergek, euskararen aldeko instituzioko presidenteak. Estatuak, Erregioak eta Departamentuak emandako zenbateko bera eman du, hau da, 860.000 euro. Eta iaz bezala, Lakuako Gobernuak 400.000 euroko ekarpena egin du.

Iazko aurrekontua 3.428.000 eurokoa izan zen, hau da aurten baino 738.000 euro gutxiago. Aurrekontuaren handitu izanaren arrazoien artean dago Elkargoaren ekarpena lehen hemengo erakundeak ordezkatzen zituen Euskal Kultura Sustengatzeko Herriarteko Sindikatuarena baino handiagoa izatea. Baita ere orain arte erakunde ezberdinen eskuetan zeuden hainbat aurrekontu EEPk kudeatu behar izatea. Azken hori alde batera utzita, hizkuntza politika garatzeko banatuko den emendaketa 437.000 eurokoa da.

Kopuru berri horretatik 225.000 euro operadore pribatuei ematea deliberatu dute. 200.000 laguntza deialdiaren bitartez, 20.000 euro Euskaltzaindiari, eta 5.000 euro Eusko Ikaskuntzari. Aurtengo beste gastu batzuk euskarazko hedabideei buruzko ikerketa edo inkesta soziolinguistikoaren finantziazioa izango dira.

Bernadette Soule, EEPko zuzendariak, hizkuntza politikan hiztun osoak sortzeko xedean, hamabi erronka aipatu zituen, hiru ardatz estrategikotan: transmisioa, erabilera eta bi hauen arteko zeharkako ardatza.

Lehenari dagokionez, irakaskuntza publikoan izaten ari den garapena azpimarratu zuen, eskola elebidun berriekin batera, haur hezkuntzan murgiltze sistemaren hedatzea. Seaskak irekiko duen lanbide heziketako lerroa ere azpimarratu zuen.

Zeharkako ardatzari dagokionez, profesional euskaldunen eskasiari erantzun ahal izateko programa ezberdinak abian ezarri dituzte, erakunde publiko eta hezkuntza eragileekin batera.

EEPren lehendakaritza txandakatuaren baitan Beñat Arrabitek hartuko duen tokiaz zera esan zuen Bergek: «Elkargoa sortu den momentuan, erakunde berriari presidentetza egokitzea estrategikoa da, lurraldeko erakunde ezberdinek hizkuntza politiko transbertsalean duten osagarritasuna kudeatzeko».

Bestalde, EEPk Lakuako Gobernuarekin duen hitzarmen markoa beste sei urterako berritu du, 2020ra arte.