NAIZ
BILBO

Euskal Herriak dituen korapiloak askatzeko feminismoaren beharra nabarmendu dute

Ezker abertzaleko emakume feministek ezkerreko independentismoa indartu eta berreraikitzeko erronka estrategikoa dela azpimarratu dute V. Nazio Batzarraren hausnarketa prozesuaren baitan. Ildo horretan, feminismoak Euskal Herriak egun dituen korapiloak askatzen lagundu eta etorkizuneko erronkei erantzuteko ekarpena egin behar diola adierazi dute.

Ezker abertzaleko emakume feministen agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Ezker abertzaleko emakume feministen agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldi batean, V. Nazio Batzarraren baitako hausnarketak plazaratu dituzte ezker abertzaleko emakume feministek.

Azaldu dutenez, eredu sozio-politiko eta ekonomikoaren zilegitasun krisiaren aurrean, «alternatiben garaia da» eta, gaineratu dute hura ez dela estatuetatik etorriko. «Euskal Herrian irekitzen ari diren alternatibarako burujabetza-prozesuetan parekidetasuna eta feminismoa presente egin behar ditugu», adierazi dute. 

Emakumeek pairatzen dituzten «diskriminazio, jazarpen eta biolentzia egoera ezberdinei» aurre egiteak «egiturazko erabaki eta neurriak» behar dituela ere azaldu dute.

Ezker abertzalea birfundatzen ari den honetan, azpimarratu dute prozesu feminista baterako garaia dela. «Hortaz, estrategia independentistaren jardun osoan feminismoa txertatzeko norabidean ezker abertzaleko emakume feministok urrats berria ematera goaz».

Ezkerreko independentismoa indartu eta berritzeko erronka «estrategikotzat» hartzen dutela adierazi ondoren argitu dute horretarako alternatiba oso bat eraiki behar dela.

«Feminismoak Euskal Herriak dituen korapiloak askatzen lagundu eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prozesuari ekarpena egin behar dio, euskal jendarte eta emakume zapalduekin duen konpromisoari erantzunez», esan dute.

Horregatik guztiagaztik, «euskal emakumeoi eta lurralde ezberdinetako emakume zapalduei» adiereazi diete beren borroka feministan berresten direla.