NAIZ
LONDRES

Hamabi lagun atxilotu ditu Polizia britainiarrak Londresen

Hamabi lagun atxilotu ditu Polizia britainiarrak, guztiak Londresko Barking auzoan, Britainia Handiko hiriburuan bart izaniko erasoen ostean. Lau emakume leudeke atxilotuen artean, Reuters albiste agentziaren arabera.

Reutersek adierazi bezala, atxilotuen artean lau emakumeak dira. (Justin TALLIS/AFP)
Reutersek adierazi bezala, atxilotuen artean lau emakumeak dira. (Justin TALLIS/AFP)

Londresko Polizia Metropolitanoaren dibisio «antiterroristak» eman du albistearen berri: hamabi lagun atxilotu dituzte, guztiak Britainia Handiko hiriburuko Barking auzoan, bart hirian izaniko erasoekin lotuta.

Reuters albiste agentziak informazioa osatu eta adierazi du atxilotuetako lau emakumeak direla, jatorri arabiarrekoak direla gaineratuz.

Poliziak, era berean, prentsa ohar bat atera du, lehen abisua jaso zutenetik orain arte jazo denarekin. Bertan adierazten da 22.08etan jaso zutela lehenengo abisua, Londresko Zubian auto batek hainbat oinezko harrapatu zituela esanez.

«Furgoneta, gero, Borough-ko Merkaturantz zuzendu zen. Orduan, hiru gizonezko bertatik jaitsi eta inguruko pertsonak labankatzeari ekin zioten. Susmagarriek bonba-txalekoak zeramatzaten, nahiz orain badakigun faltsuak zirela», dio aipatu oharra.

Jazotzen ari zenari aurre eginez, armatutako segurtasun indarrek aurre egin zieten susmagarriei. «Hauek hainbat tiro jaso eta bertan hil ziren». Orotara, hamar lagun hil dira, tartean hiru erasotzaileak, eta 48 lagun eraman dituzte ospitalera.

Zaurituen artean bada poliziarik ere, metroan egiten zuen lana batak eta erretiroa hartua zen bestea. «Larriki daude zaurituta biak, baina euren biziak ez daude arriskuan».