NAIZ

Emery, Pochettino, Zubizarreta eta Monchi; Bilbon, futbolaz hizketan

Bilbao International Football Summit 2017 bilera egingo da ostegunean, ekainaren 8an, Bilboko Iberdrola dorrean, eta, besteak beste, Unai Emery, Mauricio Pochettino eta Luis Fernandez entrenatzaileek eta Andoni Zubizarreta eta Monchi kirol zuzendariek parte hartuko dute.

Bilbao International Footbal Summit.
Bilbao International Footbal Summit.

Bilbao International Football Summit (BIFS'17) bileraren lehenengo edizioa Iberdrola dorrean egingo da, ostegunean. «Comunicar es Ganar, Asesores de Comunicación para Deportistas de Elite» aholkularitza enpresa da antolatzailea, eta Bilboko Udala, Bizkaiko Aldundia, Jaurlaritza, Iberdrola, Scudería, Luanvi, beIN Sports eta Eibar Kirol Taldeko Fundazioa babesleak, besteak beste.

Horrela, BIFS'17 biltzarrean Iberdrola, Ligue 1, Premier, Serie A eta MLS ligetako futbol zuzendaritzaren, plangintzaren eta gestioaren arloko profesionalak bilduko dira. Iberdrola dorreko 24. solairuan lau saio egingo dira, eta horietan 12 hitzaldi.

Parte hartzaileen artean daude Unai Emery PSG taldeko entrenatzailea, Mauricio Pochettino Tottenham Hotspur taldeko entrenatzailea, Andoni Zubizarreta Marsellako Olympique taldeko kirol zuzendaria, Monchi AS Roma taldeko kirol zuzendari berria, Alfonso Mondelo MLS ligako kirol zuzendaria, Luis Fernandez Athletic eta PSGko entrenatzaile ohia, Roberto Olabe Realeko kirol zuzendari ohia, Lola Romero Atletico Madril emakumeen taldeko zuzendaria, Juan Luis Fuentes Athleticeko emakumeen futbolaren arloko arduraduna, Axel Torres beIN Sports telebista saioko esataria eta Luis Villarejo EFE berri agentziaren kiroletako zuzendaria daude.