Bilbao International Football Summit bileraren lehenengo edizioa Iberdrola dorrean egingo da, ostegunean. «Comunicar es Ganar. Asesores de Comunicación para Deportistas de Elite» aholkularitza enpresa da antolatzailea, eta Bilboko Udala, Bizkaiko Aldundia, Jaurlaritza, Iberdrola, Scudería, Luanvi, beIN Sports eta Eibar Kirol Taldeko Fundazioa babesleak, besteak beste.
BIFS'17 biltzarrean Liga, Ligue 1, Premier, Serie A eta MLS txapelketetako futbol zuzendaritzaren, plangintzaren eta gestioaren arloko profesionalak bilduko dira. Iberdrola dorreko 24. solairuan lau saio egingo dira, eta horietan 12 hitzaldi.
Parte hartzaileen artean daude Unai Emery PSG taldeko entrenatzailea, Mauricio Pochettino Tottenham Hotspur taldeko entrenatzailea, Andoni Zubizarreta Marsellako Olympique taldeko kirol zuzendaria, Monchi AS Roma taldeko kirol zuzendaria, Alfonso Mondelo MLS ligako kirol zuzendaria, Luis Fernandez Athletic eta PSGko entrenatzaile ohia, Roberto Olabe Realeko kirol zuzendari ohia, Lola Romero Atletico Madril emakumeen taldeko zuzendaria, Juan Luis Fuentes Athleticeko emakumeen futbolaren arloko arduraduna, Axel Torres beIN Sports telebista saioko esataria eta Luis Villarejo EFE berri agentziaren kiroletako zuzendaria daude.
Lan mahaiak
Lehen lan mahaia 10.45ean hasiko da, eta landuko diren gaien artean daude Estatu espainiarreko Ligaren proiekzioa, kluben profesionalizazioaren alde egiten jarraitzearen eta horien komunikazioaren garrantzia, emakumeen futbolaren industrian parte hartzen dutenen gestioan bikaintasuna bilatzeko premia eta Iberdrola Ligaren babesletza aktibatzea estrategia aldaketaren aurrekari moduan.
Bigarren lan mahaian, 12.15ean, kirol plangintzaren eta zuzendaritzaren garrantzia, metodologia egokia diseinatzeko gakoak, kirol zuzendariaren profilaren ereduak eta laneko errutinak kontrajartzea, komunikazioaren dimentsioa eta aldagelatan dagoen harremana eta gestioa moduko gaiak jorratuko dira.
Arratsaldez, 16.00etan, jokalariengan eta entrenatzaileengan partida bat irabazteak edo galtzeak duen eragina, eliteko entrenatzaileek zenbait txapelketatan aldi berean lehiatzeko behar duten prestakuntza, komunikabideekin izan beharreko rola eta harremana edota entrenatzaileak klubaren irudi berria diren landuko dira entrenatzaileen lan mahaian.
BIFS'17 biltzarra 18.00etan amaituko da, Julen Guerreroren hitzaldi batekin. «La proyección más allá del terreno de juego» izango da hitzaldiaren izenburua. Futbolariak futbol zelaian eta handik kanpo etengabeko prestakuntza jasotzea ezinbestekoa dela eta futbolariaren irudiaren aktiboak eta balioak gestionatzea garrantzitsua dela defendatuko du futbolari ohiak.