Atzo hasi zen Tolosan ‘Azokak eta egungo gizarte urbanoaren beharrak’ izeneko udako ikastaroa. Ikastaro honetarako Tolosa aukeratzea ez zen kasualitatea izan, herrian, Olatz Peon, Tolosako alkatearen esanetan, «azoka tradizio luzea» baitago. «Azoka ondare sozial eta kulturala da eta herriaren nortasuna osatzen du», bere hitzetan. Halaber, Carmen Agoués, EHUko Uda Ikastaroetako Zuzendaria ere bertan izan zen, honek udako ikastaroen «herri bakoitzeko aberastasun kulturala mahaigainertzeko konpromisoa» azpimarratu zuen. Bestalde, ELIKA Fundazioko zuzendariak azokek duten eguneratzeko beharra azpimarratu zuen, egungo kontsumitzaileen eskaria ase behar dutela nabarmenduz. Azkenik, Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak, jardunaldi osoan zehar eztabaidagai izan ziren hainbat galdera planteatu zituen: «elementu aktiboak al dira egungo azokak? Ondo ari al gara azokekin lanean? Denak helburu berdinarekin ari al gara azokekin lanean?»
Mirene Begiristain eta bere EHUko Ekonomia Aplikatuko Saileko ikerlari taldearen ikerketaren arabera, azoken inguruko ezagutza falta handia dago, azokak «nortasun biziko espazio publikoak» baitira. «Ez dago azokak erregulatzeko gobernantza eredurik eta derrigorrezkoa da kudeaketa ereduak errepasatzea eta azoken errealitatera egokitutako estrategiak garatzea», bere esanetan.
Begiristain eta haren kideen ikerketaren arabera egungo baserritar gehienak (%50) «ekoizle profesionalak» dira. Hauen artean %32 kontsumitzaile komunitarioak jasotzen dituzten baserritar gizonezko gazteak dira eta hauen ekoizpena espezializatua eta ekologikoa da. Ondoren, 71 urtetik gorako emakumeek osaturiko baserritar kulturalak daude. Hauen ekoizpena dibertsifikatua da eta ohitura kulturalak bultzatuta egiten dute lehen sektorean lan. Azkenik, 55 urtetik gorako emakumeak leudeke, azokako jarduna beste jarduera ekonomiko batzuekin konbinatuko lituzketenak.
Azoken errealitate delikatuaren arrazoia azaltzeko Jesus Contrerasek, Bartzelonako Unibertsitatean Gizarte Antropologian Katedradunak, garai bateko Iraultza Berdea ekarri zuen gogora, zeinaren ondorioz tokian tokiko hainbat elikagai betiko desagertu ziren. «Lehen tradizionala ez zen begi onez ikusten, baina orain badirudi berriz ere bogan dagoela», adierazi zuen. Testuinguru honetan, zenbait gobernuen politika kontraesankorrak salatu zituen. Haren arabera, homogeneizazioak galdu dugunaz ohartarazteko balio izan dugu. Haren esanetan, «nostalgia balio erantsia da hainbat produkturentzat».
Universidad Rovira i Virgiliko Antropologia, Filosofia eta Gizarte Laneko zuzendari den Maria Isabel Garciak azoken eta janariaren garrantziari buruz egungo gizartearen paradoxa zein den azaldu du, hots, goseteen eta gehiegizko ekoizpenaren arteko elkarbizitza, «ikerketa batzuen arabera elikadura ekoizpenaren %50 zakarrontzietara doa». Haren esanetan, egungo gizakiok sukaldatzearekin genuen lotura estu eta kulturala enpresa handien esku utzi dugu eta jada ez dakigu zertaz elikatzen gara, eta ondorioz, gure nortasuna galtzen ari gara.
Kontsumo arduratsua soluzio
Garcíarekin ados azaldu zen Jose Ramon Mauleon, EHUko Soziologia Saileko irakaslea. Haren ustetan, egungo kontsumitzaileak informazio urria du erosterako garaian, «egungo elikadura sistema ez da jasangarria. Alternatibak behar ditugu topatu». Haragi kontsumoa handiegia dela azpimarratu zuen eta ekoizpen ereduaren atzean pertsona askok ez dakizkiten ezkutuko kostuak daudela. «Ekosistema kutsatzen duen ekoizpen ereduak ezkutuko kostua du, gero ekoizpenean eragindako kalteei aurre egiteko baliabide ekonomikoak bideratu behar izaten baita».
Horregatik, Mauleonen arabera, kontsumo arduratsua funtsezkoa da kontsumitzaileok geure erosketekin mezu oso garrantzitsua igortzen dugulako. Contrerasek erosleak ekoizpen eredu egoki baten bitartez ekoiztutako produktuak, ingurumena kutsatu eta gizarte ezberdintasunak sortzen dituen enpresa batetik ezberdintzeko informazioa behar duela azpimarratu zuen. Gainera, azokak ezberdinketa horretarako gune aproposak direla nabarmentzen saiatu zen.
Azokak sozializazio eremu
Aski jakina da azokak merkataritza eremu izateaz gain herritarren arteko hartu-eman espazio ere badirela. Garrantzi ekonomikoaz gainera, «herriaren bihotz» bezala jarduten dute azokek, lehen behintzat. Horrela azaldu zuen Victor Alarcon enpresaburuak eta San Migueleko merkatuaren zuzendariak. Hura Madrilgo azoka zaharra berpizten jardun da urteetan zehar eta, haren esanetan, egun El Prado museoak baina bisitari gehiago jasotzen ditu merkatuak.
Halaber, Hegoa Institutuko kidea izan den Xavier Alejandrok Ekuadorko tokian tokiko nekazarien egoera azaltzen jardun zuen. Hark esan zuenez, gizarte zibiletik hasitako hainbat ekintzek herrialdeko egoera hobetzen dihardute, «gizarte zibila da behetik gora ari dena saiatzen gauzak aldatzen». Azkenik, Isabela Barreixek, Idoki erakundeko arduradunak, Ipar Euskal Herriko baserritarrek osaturiko erakundearen jarduna deskribatu zuen, produktu freskoak kontsumitzailearengana iristeko eredu berritzaile bat proposatuz.