Maider Iantzi Goienetxe

Mursegoren diskoa, bizikidetza hobetzeko elkarlanari oparia

Oiondarrak gogotsu daude bihar Mursegoren «%100 Oion» diskoa aditzeko. 80 herritar inguruk parte hartu dute zuzenean bertan, eta oraindik gehiagok zeharka. Kulturen arteko bizikidetzaren aldeko bi urteko proiektu baten emaitza da. Musika eta sormena baliatu dituzte zurrumurruak isiltzeko bitarteko gisa.

Oionek 3.217 biztanle ditu, horietatik %15,81 etorkinak, Maroko eta Pakistangoak bereziki. %25 inguruko langabezia ere badu Arabako Errioxako herriak. Txikia izateak agerikoago egiten ditu bertan bizi diren komunitate ezberdinak eta indar handiagoz eusten dio norberak bereari. Zurrumurruak eta estereotipoak ere zabaltzen dira, ezezagutzak eraginda.

Testuinguru horretan, Entretanto Entretente-Bitartean Jolasean herriko elkarteak gauzak hobetzeko pausoa eman zuen. Artehazia Kultur Berrikuntza, Arteak eta Gizartea elkarteak badu “Euskadiko Komanditario Berriak” izeneko programa bat eta bertako deialdira proposamen bat aurkeztu zuen, artearen bidez kultur arteko elkarbizitzaren alde egiteko.

Proiektua onartuta, bi urteko bidea osatu dute, pixkanaka herritarren inplikazioa lortuz, sortutako zailtasunei aurre eginez, eta aunitz ikasiz. Komanditarioen taldeak Idoia Zabaleta koreografo arabarra izan du bitartekari eta Maite Arroitajauregi Mursego musikari gipuzkoarra aukeratu du diskoa osatzeko. Hainbat babeslerekin (Daniel&Nina Carasso Fundazioa, Conexiones Improbables, Artium Museoa eta Lakuako Fábricas de Creación) aitzinera egin duen egitasmoaren kontakizuna duzue hau, artistaren, bitartekariaren eta herritarren ahotsetan.

Mursegoren etxean

Maite Arroitajauregik Eibarko bere etxeko ateak zabaldu dizkigu eta diskoko abestiak jarri dizkigu ordenagailuan. Ohe gainean du txeloa, garbitu berri. Azkenaldian inoiz baino gehiago erabili duen organoa ere ez dago urrun. Youtuben bilatzen dituen abestiekin laguntzen ditu azalpenak, joan den urteko neguan lehendabizikoz Oionera joan eta bere burua aurkeztu zuenean egin zuen gisan. «Gustuko kantuak hartu nituen, nire bizitzan garrantzitsuak izan zirenak, eta track bat egin nien, nire soinuzko istorioarekin».

Musika horren gainean solasean aritu, eta ariketatxo bat proposatu zien, kantuekin lotua hau ere, elkar ezagutzeko. Proiektuarekin zituzten itxaropenez ere mintzatu ziren. «Mariak kulturen arteko elkarbizitza sustatzea nahi zuen, baita haurrak, emakumeak eta hizkuntza desberdinak agertzea ere; Agatak jendeak beste jendeari begiratzea bilatzen zuen, jende askok parte hartzea…» irakurri digu eibartarrak apuntez betetako bere koadernotik.

Herriaren errealitatea ere ezagutzen hasi zen, urrun dagoelako Hezkuntzako zerrendetan inork joan nahi ez zuen herri gisa soilik ezagutzen baitzuen Oion. Bere bigarren erreferentzia PPko alkatearen bideo famatua zen. «Gerora jakin dut gure kuadrillan asko estimatzen dugun Pierola ardoa Oionen egiten dela». Bitxikeria gisa, lagun bat du irakasle gisa joan eta bertan gelditu dena eta proiektuan egin dute topo.

Idoia Zabaletak gonbidatuta sartu zen proiektuan Mursego. Dantzaria miresten zuenez, aunitz erakartzen zuen berarekin lan egiteak eta baiezkoa eman zion. Koreografoaren Azala espazioan elkartu eta aurreproiektua osatu zuten. «Artelana diskoa izango zela erabakitzean lasaitua hartu nuen, jakin gabe zer zetorkidan…».

Abestiak definitu zituzten. Lehena, “Sansol”, aurora izeneko kantuen bidez egun berriaren etorrera ospatzeko oiondarren ohituran oinarritua dago. «Auroratar batzuei ez zitzaien gustatu guk proposatutako letra eta oso gauza polita gertatu zitzaigun. Luisma arduradunarekin gelditu ginen ostiral arratsalde batez. Hitz egiten hasi ginen, pote bat, beste bat… Idaztea gustatzen zitzaiola kontatu zigunean ideia bera izan genuen Idoia eta biok: zergatik ez diogu berari proposatzen letra idaztea?».

Biharamunean, Luisma letrarekin agertu zen. Gaupasa egin zuen, kafe litro batzuk eta hiru pakete zigarrorekin. «Gure letra, bere nahia, gure elkarrizketa… kontuan hartuta idatzi zuen. Hunkitu egin nintzen. Ni negarrez eta bera ere oso pozik. Kideei ere gustatu zitzaien. Luismak hartu zuen entseguen ardura».

“Habibi maitea. Tala al Badru Alayna” bigarren kantua orain dela 1.450 urte baino gehiagoko arabiar kantu tradizional baten bertsio berria da, euskaraz eta arabieraz abestua. «Arratsalde batean emakume arabiarrekin elkartu ginen eta abesti tradizionala beren moduan kantatu zuten. Asko gustatu zitzaidan».

Emakume eta umeei ongi zetorkien tonu bat bilatu eta grabazioa pasatu zien Mursegok. Herriko bertsolariek itzulpen librea egin zuten, eta bai jatorri arabiarreko haurrek bai gainontzekoek arabieraz eta euskaraz ikasi zuten. «Hala %100 bete genuen helburua. Ume guztien amak ere elkartu ziren eta lehen elkar agurtzen ez zutenen artean harremanak sortu ziren».

Abestia benetakoa izatea nahi zuen eibartarrak. Musika arabiarra gustatzen zaio eta aunitz ikertu zuen horren gainean Youtube baliatuz. Oiondar komunitateko emakume asko Rif ingurukoak dira eta han Regada izeneko musika eta dantza bat zegoela ikusi zuen. «Makilekin egiten dute eta hemen ere makil dantza egiten dugula aipatu nien segituan. Asko motibatzen eta hunkitzen nau bi kultura hain desberdinek loturak edukitzeak», adierazi digu, eta bideo bat erakutsi. Gizon bat ageri da aldakak, bularra… zoragarri mugitzen. «Halako zerbait egin nahi nuen eta abestiaren bukaerako zatitxoa sortu nuen, abiadura handituz».

Umeak jarri zituen bakarlari eta primeran egiten dute. «Asko entseatu dute eta horrek garrantzia eta autoestimua ematen die. Pozik daude». Bestalde, txeloarekin egin duen sarreran, emakume arabiarrek ezkontzetako kantutxo bat abesten dute.

Eibar eta Oion artean grabatu dute diskoa, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Taldekoak Arabako Errioxan egin dituzte. «David Logroñoko teknikariak bere estudiotxo mugikorra eraman zuen zinemara. Larunbat arratsaldean ‘Tala al Badru’ egin genuen umeekin. Jendea etorri zen grabazioa entzutera eta ondotik tarta batekin merienda egin genuen. Ederra izan zen».

Ikasgaiak

Kantu guztiek dute beren istorioa baina ezin hemen denak kontatu. Oionen oparitu ondotik, Bide Hutsen bidez banatuko da diskoa era digitalean eta nahi duenak hortxe izanen du aukera. Elkarrizketa bukatze aldera ikasgaiez galdetu diogu musikariari eta berehala goraipatu du Idoia Zabaleta: «Jendearekin ze harreman izan duen ikasi dut, nola jakin duen une bakoitzean zer eta nola esan. Niri etxean esaten didate ziklokimikoa naizela. Antolatzeko ere makina bat da Idoia. Berengandik asko ikasi dut arlo artistikoan ere. Kanta idazle bat deskubritu dut».

Frustrazioa jasaten edo kudeatzen ere ikasi du. «Bakarrik konposatzen eta lan egiten ohituta nago. Nire mailak jartzen ditut: ‘honaino helduko naiz’. Baina kasu honetan ezin izan dut hori egin. Teoria banekien, xedea ez zen disko biribil bat ateratzea, jendea batzea baizik, kontzientziak astintzea… Halere, musikari bezala, min ematen zidan aurora desafinatua entzuteak. Baina, orain, berriz, aurora gustatu egiten zait. Benetan diotsut».

Hainbertze jenderekin lan egiten ikasi du. Eta teknika. «Dena maketan egiten nuen lehenengo. Nik grabatu dut dena, ordenagailuarekin borrokan. Pianoa ere ez dut inoiz hainbeste erabili eta orain erosoago sentitzen naiz. Inoiz ez dut konposatu koro batentzat ere».

Oiondarrengandik ere aunitz jaso du. «Asko hitz egin dugu kultura desberdintasunez, batez ere Agatarekin. Bagenuen jakin-mina. Agata kristaua zen, poloniarra, eta musulman batekin ezkontzeko bihurtu egin zen. Neska gaztea da eta gure kezka berak ditu. Konfiantza hartu nuen gauza asko galdetzeko. Nola kristaua izanda beste kultura bat maite dezakeen. Bizimoduan aldaketa erradikala egin du. Espiritualtasunari buruz berba egin dugu. Korana irakurtzeak lasaitzen ditu. Partekatu ala ez, uler dezaket».

Azaldu digunez, musikak hitzak ailegatzen ez diren eremu batera eraman ditu. «Jendea hunkitu da, musikak botere hori daukalako eta, Tapiak dioen bezala, libre egiten gaituelako». Irrikatzen dago bihar oiondarrei diskoa oparitzeko, beraiena dela sentitzen baitu eta guztiekin partekatzeko desiratzen baitago.

«Harremanak era naturalean sortu dira»

Maria Ezkerro Entretanto Entretente-Bitartean Jolasean Oiongo elkarteko kidea da. Proiektuaren bultzatzaileetako bat. «Oso aberasgarria izan da artea eta jendartea nahastuz osatu dugun prozesua, bai elkartearentzat eta baita niretzat pertsonalki ere». Artehaziaren deialdira proposamena aurkeztu zutenean ez zekiten zer aterako zen. «Egingo genuena esplikatu genuen zer egingo genuen jakin gabe. Zoragarria izan zen jendeak konfiantza izan zuelako gugan». Diskoarekin hasi zirenean jende ugari inplikatu zen: aurorotarrak, abesbatza, bertsolariak, herritarrak… «Ez dizut esango erraza izan zenik, baina pozik gaude emaitzarekin. Proiektuan parte hartu dutenek komentatzen digute badutela sentsazioa herritarrek elkar gehiago agurtzen dutela eta gehiago hitz egiten dutela». Gainera, harremanak naturalki sortu dira. «Kantatzera etorri gara. Zu Pakistango jatorrikoa zara, ni Oionekoa, eta elkarrekin ari gara».

Biharkoa prestatzeko entseguekin ari dira eta herritarrak pozarren daude, hunkituta ere bai abestiak entzutean. «Ze polita, gu gara!» diote. Proiektua ez da hemen bukatzen; zurrumurruen abestia, adibidez, egokia da lantzeko. «Hainbeste oiondar inplikatu eta gero, diskoa denona izango da. Aldaketak epe luzekoak dira, baina kontent gaude. Umeak entseatzeko elkartzen zirenean ama marokoarrak eta bertakoak elkarrekin hizketan eta kantatzen ikusten genituen». Ez du integrazioaz solas egin nahi, azkenean bi norabidetako gauza bat delako hau. Nahiago du elkarbizitzaz eta harremanez mintzatu.