NAIZ

Errentaren araberako zerga eta tasak proposatu ditu EH Bilduk

EH Bilduk 14 emendakin aurkeztuko ditu fiskalitate justuago eta progresiboago bat lortzeko asmoz. Salatu dutenez, EAJ eta PSEren ordenantza fiskalak «gehien dutenei mesede egiten die».

Izaskun Guarrotxena, EH Bilduko zinegotzia. (@EHBilduBilbo)
Izaskun Guarrotxena, EH Bilduko zinegotzia. (@EHBilduBilbo)

Udal gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenari EH Bilduk 14 emendakin aurkeztuko dizkiola iragarri du Izaskun Guarrotxena zinegotziak agerraldi batean. EAJk eta PSEk egindako proposamena «aurreko urteetako proposamenen kopia hutsa», dela kritikatu du.

EH Bilduk fiskalitate «justuago eta progresiboago» baten alde lan egingo duela azaldu du Guarrotxenak.«Aburtok gidatutako gobernuak, beste behin ere, zergen zama bilbotar guztien gainean jarri du, enpresa handien onurarako; batez ere eraikuntza enpresek eta higiezinen agentzien onurarako», salatu du zinegotziak.

Ildo horretan, PSEk ez duela inolako eraginik izan ordenantza fiskalen proposamenean esan du. «Ez da aurreikusten bonifikazioarik krisia gehien pairatu dutenentzat», eta gaineratu nahi izan duenez, «argi dago Bilbo bi abiadurako hiria dela. Herritarren artean dauden ezberdintasun horiekin bukatzeko tresna erabilgarria da ordenantza fiskala. Arazoa da udal gobernuak ez diola erabilera hori eman nahi eta herritarren arteko ezberdintasunak handitu egingo dira».

Errenta ardatz

EH Bilduk aurkeztuko dituen emendakinen ezaugarri nagusia tasen eta zergen bonifikazioak errenta mailaren araberakoak izatea da. Izan ere, «progresibitatea» da EH Bilduko zinegotziak nabarmendu nahi izan duena. «Ez gaude Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) beste igotzearen aurka, zerbitzu on batzuk eskaintzeko beharrezkoa da eta. Baina igoera horrek progresibitatea eta zergak ordaintzen dituztenen diru sarrerak izan behar ditu kontuan», azaldu du Guarrotxenak.