Aralarko pisten inguruko auzia piztu zela hilabeteak badira. Denbora luzea, alegia. Bitartean, gaiarekin lotuta dauden hainbat taldek eta erakundek beren iritzia eman dute. Mendi elkarte batzuk eta norbanakoak ere eztabaidetan izan dira. Baina, mendizale federazio ezberdinak, non ote dira? Galdera hori egin digute federatuta dauden makina bat mendizalek.
Bederen, Gipuzkoako Mendizale Federazioak urrats bat egin eta auzi honen inguruan bere iritzia eman du. Hain zuzen ere, maiatzaren 18an Donostian egindako batzar nagusian Aralarko pisten inguruko adierazpena onartu zuen. Idatzia eztabaidatu zuten, baita aho batez onartu ere. Lurralde osoko 29 mendi elkartek atxikimendua eman zioten testu horri. Mendi talde horien artean, guztira, 8.700 federatu gipuzkoar ordezkatzen dituzte.
Gipuzkoarrak dira, beraz, orain arte iritzia eman duten bakarrak. Arabako, Nafarroako eta Bizkaiko federazioek, berriz, ez dute ahoa zabaldu. Baina, agian, kezkagarriena Euskal Mendizale Federazioaren isiltasuna da; mendizale askorentzat oso ozena dena. 30.000 federatutik gora ordezkatzen duen mendizale erakunde nagusiak ez ote du iritzirik? Galdera hori ere makina bat mendizale federatuk egin dute.
Adierazpena
Bien bitartean, Gipuzkoako Mendizale Federazioa Goroskintxu-Elutxeta-Saltarri-Alotza pisten hedapenak izan ditzakeen inpaktu garrantzitsuaz eta itzulezinaz kezkatuta dabil. Eta, aurreratu dugun bezala, adierazpena onartu du; aho batez onartu ere.
Bertan, sektore guztien arteko partaidetza prozesu ireki bat zabaltzea eskatzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiari pare bat eskakizun egin dizkiote: azpiegitura horiek jasateko gaitasuna aurreikusteko azterketa zientifiko sakon eta zehatza, eta jarduera ekonomikoen azterketa sozioekonomikoa.
Premia bat ere azpimarratzen du: «Proiektuaren norainokotasuna eta helburuei buruzko informazioaren gardentasuna». Beste eskaera bat: «Aipatutako azterketak egin eta parte hartze prozesua bukatu arte pisten obrak eta etorkizunerako proiektuak gelditzea».
Azkenik, adierazpena sinatu duten mendi elkarteek argi utzi nahi dute naturaguneen eta bereziki Aralarko Parke Naturalaren kontserbazioaren defentsan parte aktiboa izango direla. Adierazpen osoa irakurtzeko: www.gmf-fgm.org.