NAIZ
DONOSTIA

Metroaren pasantea gelditzeko eskatuz, ia 9.000 sinadura helarazi dizkiote Goia alkateari

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Eneko Goia Donostiako alkateari zuzendutako ia 9.000 sinadura entregatu ditu Udalean. Metroaren pasantea gelditzeko eskatzeaz gain, garraio ereduaren inguruko eztabaida eta herri galdeketa aldarrikatu dute idatzietan.

Ia 9.000 sinadura entregatu ditu Satorralaia mugimenduak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Ia 9.000 sinadura entregatu ditu Satorralaia mugimenduak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ia 9.000 sinadura entregatu ditu Satorralaia mugimenduak Donostiako Udalean. Eneko Goia alkateari zuzendutako idatziotan, Metroaren pasantea gelditzeko galdegiten dute, baina baita garraio ereduaren inguruko eztabaida abiatzea eta heri galdeketa egitea.

Zentzu horretan, orain arteko jarrera alda dezala eta herritarren eskaerak aintzat hartzeko eskatu diote, izan ere, bereziki gaitzetsi baitute Udaletik eztabaida publikoari uko egin izana.

«Alkateari zuzenduriko deian azpimarratzen dugunez, Udalak ezin du ezjakinarena egin Metroaren pasantearen aferak hiriko herritarren artean sorrarazten duen ezinegonaren eta desadostasun sozial nabariaren aurrean, ezta Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki egindako inkestan azpiegitura honek jaso duen suspentsoaren aurrean ere», azaldu du Satorralaiak ohar batean.

Era berean, hiru deialdi plazaratu dituzte. Alde batetik, heldu den larunbat eguerdian Matia kalean egingo duten kalejira aldarrikatzailea aipatu dute.

Hilaren 20an, iluntzeko 20.00etan, asanblada egingo dute Sert plazan. Hurrengo egunean, 21ean, hitzaldi informatiboa egingo dute Bidebietan, Satorralaia eta Dbus-eko ‘Kurpil’ langileen elkartaren eskutik.