Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ezkerreko lehen indarra izanda, alternatiba garatzea du xede EH Baik

Euskal Herria Bai kontent da frantziar Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehenengo itzulian bildutako emaitzekin. «Gure proiektu abertzale, ezkertiar eta ekologista alternatiba gisa irudikatu dute herritarrek, eta bide horretan sakontzeko lan eginen dugu», adierazi du.

Peio Etxeberri-Aintzart seigarren barrutiko hautagaiak, Anita Lopepe laugarreneko zerrenda-buruak eta Peio Mentak, bosgarren eremuko hautagai Laurence Hardouinen ordezkoak, hartu zuten hitza atzo Euskal Herria Baik hauteskundeetan bildutako emaitzak baloratzeko eginiko agerraldian.

Frantziako Legebiltzarrerako lehen itzulian 12.665 boto bildu zituen EH Baik, duela bost urteko emaitza aise gaindituz. Orotara 1.242 boto gehiago jaso zituen koalizioak, botoen %10,42 lortuz. Emaitza horri esker, «EH Bai ezkerreko lehen indarra bilakatu da oso testuinguru berezian egin diren hauteskunde hauetan», azaldu zuen Lopepek. Esan zuenez, gero eta herritar gehiagok «alternatiba gisa» irudikatzen dute EH Bai, «hori herriz herri, eta sailez sail, militanteek urte luzeetan egindako lanaren emaitza» dela nabarmenduz. Laugarrena «naturaz kontrako» hauteskunde-barrutia izanda ere –Biarnoko zein Euskal Herriko kantonamenduak hartzen ditu bere baitan–, euskal eremua soilik hartuta «bigarren heltzeagatik» kontent azaldu zen hautagai baxenabartarra, eta Baiona eta Angelu biltzen dituen bosgarrenean «oraindik ere zailtasunak» dituztela aitortu zuen. Era berean, seigarren hauteskunde-barrutian lorturiko aitzinamendua azpimarratu zuen.

Hiru zutaberen gainean

Hain zuzen ere, hauteskunde-barruti horren hautagai Peio Etxeberri-Aintzartek EH Baik hiru zutabe dituen egitasmoa defendatzen segitzeko asmoa duela adierazi zuen. Hauteskundeak koalizioarentzat «tresna bat baizik» ez direnez, aitzinean «proiektu abertzale, ezkertiarra eta ekologista egunerokotasunean garatzen segituko du». Eremuz eremu, «presoak ahal den eta azkarren askatzeko» lana eta frantziar gobernu berriak plantan emanen dituen erreforma antisozialak gelditzeko dinamika lehentasuntzat jo ditu EH Baiko ordezkariak. Erronka ekologikoa ezin ahantzi: «Vincent Bru LREM-ko hautagaiak orain kontra dela esan arren, bere nagusi Macronek eginiko ustiaketa mota horren liberalizazioa ahalbidetu du. Urre meategien proiektua errefusatzen dugu, eta irailean antolatu mobilizazioetan izanen da EH Bai».

 

«Ez dugu inoren aldeko botoa eskatuko bigarren itzulian»

Hauteskundeetako lehenengo itzulian hirugarren indarra izan zenez, heldu den igandeko behin betiko bozketari begira abertzaleen botoak gutiziatzen dituzte gainerako hautagaiek.

Ikusmin berezia sortzen du bosgarren hauteskunde-barrutian izanen den lehiak. Eremu horretan soilik izanen baita hautagai makronistaren aurrean PSko ordezkari bat. Hori bai, Colette Capdevielle, Hollanderen murrizketak babesteaz gain, Macronek aitzineratu nahi dituen erreformak «banan-banan» aztertzeko eta, agian, babesteko asmoa azaldu du. Egoera horretan, EH Baiko militanteek «hiru hauteskunde-barrutiendako erabakia hartu dutela», azaldu du Peio Mentak. Koalizioak defendatzen dituen proposamen nagusiak ez direla ordezkatuak izanen azaldu du bosgarren hauteskunde-barrutiko hautagai ordeak: «Gure deliberoa izan da boza inoren alde ez eskatzea; gure hautesleak aski helduak baitira erabakiak hartzeko». M.U.