NAIZ
IRUÑEA

Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso dutenen konpromisoa azpimarratu du Barkosek

«Nafarroarekin agertutako konpromiso eta eskuzabaltasunarengatik, zuen jardueran hain argi erakutsitakoa»., nabarmendu du gaur Uxue Barkos lehendakariak, Karlos III.a Prestuaren Gurutzearen saria jaso dutenen lana goraipatzeko.

Uxue Barkos lehendakaria Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso dutenekin batera. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Uxue Barkos lehendakaria Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso dutenekin batera. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Uxue Barkos, Nafarroako lehendakaria, Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzearen sari-banaketaren buru izan da gaur eguerdian. Hain zuzen honako hauei banatu die: Humberto Bustince ikertzaile eta irakasleari; Javier Ochoa enologoari; Jox Ulibarrena eskultore eta etnografoari, Mirentxu Purroy kazetariari, Julian Retegi pilotariari, Nafarroako DYAri eta Artzai Egunaren antolatzailea den Aralar Mendi Elkarteari. Hauxe adierazi du Barkosek: «ardura, hobetzeko grina eta egunero hobetzeko jarrera nagusi diren ibilbide pertsonal eta kolektiboak eskaintzen dizkigute, eta horiei esker, guztion artean etorkizun hobea eraikitzen laguntzen dute».

Ekitaldia Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren klaustro isabeldarrean egin dira eta besteak beste Manu Ayerdi, Miguel Laparra, Mikel Aranburu, María Jose Beaumont, Ana Ollo, Maria Solana, Fernando Domínguez, Ana Herrera eta Isabel Elizalde kontseilariak eta Foru Komunitateko agintari eta alkate nagusiak bertaratu dira. Musika emanaldiak ere izan dira: In Tempore Abesbatza eta Ekko Ensemble taldea, Carlos Etxeberriak zuzenduta, ekitaldiaren hasieran Nafarroako ereserkia abestu dutenak.

Saridunei dominak entregatu dizkie eta hitzaldi labur batean eskerrak eman dituzte. Ondoren, Barkos Lehendakariak bertaratutakoei hitz egin die. Horrela, Barkos lehendakariak Evreux etxeko Karlos III. Errege Prestuaren irudia gogoratu du eta bere pertsonaren eta erregealdiaren balioak nabarmendu ditu, hala nola elkarrizketa, esfortzuz egindako lana eta gizarte hobea lortzeko grina. Hori dela eta, «Karlos III.a Prestuaren izena aukeratu zen Nafarroaren gizarte-aurrerapenean eta ospean nabarmen lagundu duten pertsonen eta entitateen merituak publikoki goraipatzeko sarietarako».

Horrela, hauxe nabarmendu du Humberto Bustinceren kasuan: «ikerkuntzari emandako bultzada, aurrera egiteko grina nekaezina, fenomeno zientifiko berriak aurkitzeko eta muga geografikorik gabe zabaltzeko»; Javier Ochoaren kasuan: «enologiaren esparruan duen ezagutza eta esperientzia aplikatzen izandako pertseberantzia miresten dugu», esan du. Hauxe esan du Joxe Ulibarrenari buruz: «artista bat da goitik behera, profil sortzaile apartarekin, bikain erabili duena Nafarroako Historiarekin duen konpromiso pertsonala nabarmentzeko» Horrez gain, Mirentxu Purroyk askatasunarekin, demokraziarekin eta aurrerapen sozial eta parte-hartzailearekin duen etengabeko konpromisoa nabarmen du, «komunikazioaren esparruan duen profesionaltasunaz harago».

DYAri dagokionez hauxe esan du: «40 urtetan gehien behar den uneetan herritarrei lagundu die, arriskuak saihestuz eta zerbitzu paregabea emanez gizarteari oro har». Bereziki nabarmendu du «jarduera boluntarioaren, aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazioaren eta kalitatezko kudeaketa eta prestakuntzaren eredua».

Halaber, bereziki goraipatu du Artzai Egunaren ekimena, «Aralar Mendi Elkartearen etengabeko esfortzuari esker, kalitatezko gaztak, artisautza, artzain-txakurren gaitasuna, motzaldia, folklorea eta artzain-kultura bateratzen direlako, Nafarroako mila urteko tradizio honek indarrean jarraitzen duela erakutsiz, oraingo eta etorkizuneko landa-ekonomiaren funtsezko euskarria delako".

Retegi II.ari buruz hauxe esan du: «bere izenak leku nabarmena du euskal pilotaren historia orokorrean», eta bere «kultura-jarduera ikusgarria» nabarmendu du, «pilotarien belaunaldi guztientzat eredua delako». «Bere pertsona eta palmaresa funtsezko tresna izan dira Nafarroako historian errotuta dagoen kirol hau sustatzeko», jarraitu du.

Barkos Lehendakariak, amaitzeko, eskerrak eman dizkie guztiei, beren «izaera ekintzaile, arduratsu eta aitzindariarengatik» eta «Nafarroarekin agertutako konpromiso eta eskuzabaltasunarengatik, zuen jardueran hain argi erakutsitakoa».

Karlos III.aren Gurutzea

Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea kondekorazioa 1997. urtea sortu zuen Nafarroako Gobernuak, Nafarroaren aurrerapenean eta herrialdea kanpoan ezagutzera ematen nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak saritzeko, dagozkien jardueren esparru jakinetik.

Sariak hain zuzen Karlos III. Prestuare izena hartu zuen. Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen, bere izaera baketsu eta adiskidetzailearengatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bake eta adiskidetasun harremanak ezartzeagatik.

Kondekorazioa gurutze esmaltatu bat da, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen den ezkozko errege-zigiluan agertzen den Karlos III. eseriaren irudia berregiten da, «Karolus regis navarre» legendaz inguratuta. Atzealdean Nafarroako ezkutua dago, «Nafarroako Foru Komunitatea» adierazpenaren eta «Cruz de Carlos III el Noble de Navarra» legendaren gainean.