NAIZ
DONOSTIA

Adin txikiko neska bat bortxatu dutela salatu du Zarauzko mugimendu feministak

Igaro berri diren San Pelaio festen baitan adin txikiko neska bat bortxatua izan zela salatu du Zarauzko mugimendu feministak, eta biharko elkarretaratzea deitu du. Neskak salaketa jarri ostean arratsaldean jakinarazi du Ertzaintzak 18 urteko gazte bat espetxeratu dutela erasoa egitea egotzita. 

Ohar baten bitartez, pasa berri diren San Pelaio festetan izandako «eraso oso larri» baten berri eman du Zarauzko mugimendu feministak. Azaldu dutenez, adin txikiko neska bat bortxatua izan zen. Polizia etxean salaketa jarri duela baieztatu ahal izan dutela ere adierazi dute.

«Egoera biziki larria da, ezin da onartu Zarautzen ez inon horrelako erasorik», nabarmendu dute.

Hori dela-eta, erasoa salatzeko eta biktimari babesa eta elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute bihar, eguerdiko 12.00etan, Udaletxe aurrean. Hitzordu honetan parte hartzeko deia egin diote Udalari.

Azpimarratu dute halako egoera larrien aurrean «erantzun tinko» bat ematea eta erasoa jasan duen emakumeari babesa adieraztea.

Gogoratu dute Euskal Herriko txoko desberdinetan jaiak izango ditugula eta, iaz izan ziren erasoak gogoan hartuz, nabarmendu dute erasoa ez dela «isolatua» izan eta konponbidea ez dela «bakarkakoa». «Estrukturala eta kolektiboa da, eta beraz guztion esku ere badago honi aurre egitea».

«Ezetza beti da ezetza, batera zein bestera. Gu gara gure gorputzaren jabeak, ezin du inork gure partez erabaki, inoiz. Ezinbestekoa da beraz gure artean batu eta autodefentsa feminista aldarrikatu eta praktikatzea, dugun tresnarik onena izanik. Eta hau gure arteko elkar babesetik hasten da, horrelako erasoak onartzen ez ditugunok batzetik eta zenbat eta gehiago izatetik», esan dute.

Ustezko erasotzailea espetxean

Arratsalde partean jakinarazi du Efe agentziak Segurtasun Saila aipatuz 18 urteko gazte bat espetxeratu egin dutela erasotzailea delakoan. Honen arabera, erasoa pasa den ekainaren 27an izan zen eta egunean bertan atxilotu zuten neskak salaketa jarri ostean.