NAIZ
IRUÑEA

Jendetza bildu da Altsasun, gazteei babesa adierazi eta fiskalaren zigor eskaerak gaitzesteko

Altsasuko kaleetan egindako manifestazio jendetsuaren bitartez, bi guardia zibilekin izandako liskarraren harira auziperatuta dauden gazteei –haietako hiru espetxean daude oraindik– babesa adierazi eta Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak eginiko zigor eskaerak salatzeko.

Jende andana bildu da Altsasuko kaleetan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Jende andana bildu da Altsasuko kaleetan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Jendetza bildu da beste behin Altsasun, herriko gazte auziperatuei babesa adierazteko. Arratsaldeko 20.00etan elkarretaratzea egin dute eta ordu erdi beranduago manifestazioa abiatu dute Iortia plazatik.

Bi pankarta eraman dituzte mobilizazioaren buruan: «Altsasu ez da terrorismoa. Justizia nahi dugu!» lelopekoa bata eta «Altsasukoak aske. Muntai polizialik ez» zioena, bestea.

Auziperatuta dauden gazteei babesa adierazteaz gain –Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno espetxean daude oraindik–, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak haientzako eginiko zigor eskaerak gaitzetsi dituzte. Guztira 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du zortzi gazteentzat (62 urte eta erdi batentzat, 50 beste seirentzat eta 12 urte eta erdi azkenarentzat).

«Nola daiteke hilketa batengatik eskatzen den zigorra baino handiagoa eskatzea gure seme-alabei?», galdetu dute, manifestazioaren amaieran auzipetuen gurasoek.

Azkenaldian elkartasun handia jasotzen ari direla nabarmendu dute, hainbat eta hainbat adibide aipatuz: Nafarroako Gobernua eta Parlamentua, Kongresu eta Senatuko 74 diputatu eta 14 senatari, 51 eurodiputatu eta milaka lagun. «Jasotzen ari garen elkartasuna neurrigabea eta plurala da», esan dute.

Zentzu horretan, aipatu dute internet bitartez abiatutako sinadura bilketa etengabe doala goraka. Aurreko astean 20.000 sinadura zituzten eta gaur 50.000etik gora dira jada.

«Zigorgabetasunik ez dugu eskatzen, ezta aldeko jarrera hartzea ere. Gure gizarteari, instituzioei eta edozein erakunderi zera eskatzen diegu: errugabetasun presuntzioaren eskubidea, berme prozesalak dituen epaiketarako eskubidea, era hedakor eta justiziarik gabe erabili ez dadin legearen eskubidea eta proportzionaltasunaren eskubidea defendatzea», azaldu dute.

Era berean, mobilizatzen jarraitzearen beharra azpimarratuz, bertaratutakoei esan diete hilaren 14an salaketarako beste hitzordu bat jarrita dagoela, Iruñeko Gaztelu plazan.  Arratsaldeko 17.30ean egingo da sanferminetako azken eguneko elkarretaratze hori.