NAIZ

‘The Folk Faces’ argazki erakusketa metroan

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 2015eko edizioan parte hartu zuten dantza eta musikari profesionalen argazkiak ikusgai izango dira zenbait astez metroko geltokietan.

Argazki erakusketa Portugaleteko metro geltokian aurkeztu dute astelehen honetan, Carlos VII geltokian, Portugaleteko alkate Mikel Torres, jaialdiaren zuzendari Imanol Sarria, argzakien egile Aitor Bastida eta Metro Bilbaoko Marketin eta Komunikazio Buru Susana Palomino bertan zirela.

Geltoki horietatik egunero igarotzen diren milaka pertsonek «argazkiaren arteaz gozatzeko aukera izango dute, folklorea gure nortasunaren parte gisa aldarrikatu eta transmititzeko lan egiten dutenen aitortza den aldi berean».

Asier Bastida argazkilariak atera ditu 15 tauletan banatutako 28 irudiak. Oraingoan, erakusketan 2015eko edizioan parte hartu zuten Kuba, Serbia, Senegal, Zeelanda Berria eta Indonesiako taldeetako dantzari eta musikari profesionalen argazkiak jarri ditu.

Erakusketak bi bloke ditu. Lehena Portugaleteko geltokian dago, Carlos VII kaleko ahoan, uztailaren 10etik abuztuaren 18ra arte, zazpi taula eta 13 irudirekin; bigarren blokean zortzi taula eta 15 argazki daude, Zazpikaleak geltokian, uztailaren 10etik 31ra, eta handik Abando geltokira eramango da abuztuaren 1etik 18ra arte. Argazki taulez gain, Portugaleteko geltokirako Carlos VII sarbideko harrizko eskaileretan erretratuetako baten binilo ikusgarri bat ere ipini da.

Metro Bilbao 2009an hasi zen Portugalete hiribilduko kultura jarduerarik garrantzitsuenetako bati laguntzen. 2011, 2014, 2015eko edizioetan ere jardun zuten elkarlanean aurreko urteetako edizioetan hartutako argazkien erakusketak egiten.