Zapaldua eta zapaltzailea, azal berdinaren pean
Jakin fundazioak, UEUk eta Usurbilgo Udalak antolatutako «Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua» ikastaroa hasi zen atzo. Goizean banakako hitzaldiak eman zituzten gaiaren inguruko adituek, eta arratsaldean mahai-inguruan eztabaidatu zuten denek batera. Gaur amaituko dira jardunaldiak.
Zapaltzaileak zapalduaren tokia har dezake zenbait espazio eta egoeratan, zapaldua beste batzuetan zapaltzailea izan daitekeen bezala. Horretaz 1970eko hamarkadan hartu zuten kontzientzia AEBetako emakume beltzek; izan ere, «emakume» ziren komunitate beltzaren barruan eta «beltz» zurien begiradapean.
Intersekzionalitatea deitu zitzaion kontzientzia-hartze horri, eta egungo feminismoak kontzeptua bera eta bere esanahia orrazten dihardu.
Eta, ez al da hizkuntzekin berdin gertatzen? Euskara, hizkuntza ez-hegemonikoa den heinean aitortzen zaion zapaldu kategoria izateaz beste, ez al da zapaltzaile euskaradun ez diren atzerritarrekiko?
“Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua” izenburuan aipatzen diren lau aldagaiez aritu ziren atzo Usurbilgo Udarregi ikastolan Mari Luz Esteban, Ignacio Aiestaran, Itziar Gandarias, Maria Reimondez, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel, azken biak moderatzaile lanetan.
«Zergatik ez dago kitxuaz dakien euskaldunik?». Jardunaldien sarrera egiteko hitza hartu zuenean galdera hau egin zion bere buruari Lorea Agirre kazetari eta Jakin-eko zuzendariak, gaurko hizlari kitxuadunarentzat itzultzailerik aurkitu ez zutela aitortu ostean. Bere esanetan, «euskaldunok ez dugu kitxua ikasteko ardurarik erakusten; bai, ordea, ingelesa ikasteko.»
Ingelesa edo gaztelania bezalako hizkuntza hegemonikoak zubi saihetsezinak dira mundura salto egiteko. Ez, ordea, euskara edo kitxua.
Maria Reimondez itzultzaile, interprete eta poeta lugotarrak galegoz hitz egin zuen. «Ahalduntzeko hizkuntza» gisa definitu zuen berea, mundura salto egiteko indarrik ez izan arren. Izan ere, Galiziako gizarte mugimenduetan «gailentzen den hizkuntza galiziera da», eta ez-hegemonikoak izateagatik, galiziera eta euskara etorkizuneko proiektuetarako «giltzak» direla esan zuen.
Zapalkuntzen elkargunea
«Begiratzen nauzunean, zer ikusten duzu? Beltza den emakume bat edo emakumea den beltz bat?», Julia S. Jordan-Zazheryren hitzak ekarri zituen Itziar Gandarias psikologo sozialak.
Lorea Agirrek ari beretik tiratu zuen: «Zapalkuntza ez da beti menperakuntza bakarraren pean gertatzen», zapalkuntza anitz gurutzatzea gertatu ohi baita.
Eta Ignacio Aiestaran filosofoak maila bat harago eraman zuen tesia: zapalkuntzen elkargunea ez ezik, harreman ororen elkargunea «kapitalak» sortzen du, «hiritar izaera galduta, pertsonok kontsumitzaile besterik ez garen garaiotan».
Klase izaera
Ignacio Aiestaranek baieztatu zuen gaur egun «klase izaera» galdu egin dela. Mari Luz Esteban antropologoak, aldiz, klase kontzeptua «eguneratu» egin behar dela zioen, Marxen definizioak ez duelakoan gaur egunerako balio.
Maria Reimondez itzaultzaileak esan zuen klase izaera eta horren kontzeptualizazioaren argitzea «leku okerretan» ari garela bilatzen, «behin eta berriz». Klase kontzeptuaren bila ari gara mila aldiz aztertutako esparruetan, eta hortik kanpo begiratu beharko genuke.
Euskaldunak galtzaile ote
Koldo Izagirrek ezaugarri komun hau atxiki zien poetei: galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa.
Publikotik igorritako eta Idurre Eskisabelek irakurritako galdera batek zioen ea ezin liezaiokeen lotu ezaugarri hau euskaldun orori. Ziur erantzun zion Reimondezek: galtzaile izaera onartzea «pribilegio patriarkala» dela, eta emakumeen kasuan ez dela aplikagarria, emakumeentzat «izate hutsa garaipen bat delako».