NAIZ
Johannesburg

Hegoafrikako Alderdi Komunista, euskal presoak askatzearen alde

Azken egunotan Johannesburgen egin duen XIV. Kongresuan, Hegoafrikako Alderdi Komunistak Euskal Herriarekiko konpromisoa berretsi eta euskal preso politikoen kaleratzea aldarrikatu du. Urko Aiartza ere han izan da, Sortu alderdiaren ordezkari gisa.

Ohar baten bidez Sortuk jakinarazi duenez, uztailaren 15ean bukatu zen Hegoafrikako Alderdi Komunistaren XIV. Kongresua, Johannesburgen, eta bertan Euskal Herriaren egoera izan dute aztergai. Palestina, Sahara, Sudan edota Swazilandiako egoerei ere erreparatu diete.

Hitzordu horren baitako nazioarteko batzordean parte hartu zuen Sortuko kide Urko Aiartzak eta 200 ordezkari delegaturen aurrean konponbide prozesuaren egoera eta batik bat euskal presoen eguneroko egoera azaltzeko aukera izan zuen.

Nazioarteko batzordearen eztabaida bi egun iraun zituen eta bukaeran onartutako ebazpenean Euskal Herriari ere erreparatzen diote, Alderdi Komunistaren Euskal Herriarekiko konpromisoa berretsiz eta euskal presoen kaleratzea aldarrikatuz.

Kongresuak iraun duen bitartean, Alderdi Komunistako zuzendaritzako kide diren Solly Mapaila eta Chris Mathakorekin ere biltzeko aukera izan zuen.

Era berean, ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko eta Hegafrikako lehendakariorde den Cyril Ramaphosarekin, herrialdeko lehendakari ohi Kgalema Motlante eta Kanpo Arazoetako ministro ohi Ebrahim Ebrahimekin ere Euskal Herriko egoeraz jarduteko aukera ere izan du Sorturen ordezkariak.

Ronnie Kasrilsi eskertza

Kongresuaren egunetan, Aiartzak Ronnie Kasrils apartheidaren aurkako ekintzaile ezagun eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide izandakoari esker ona adierazi zion ere Euskal Herriaren alde eginiko lanagatik.

Apirilaren 8ko armagabetzearen harira Koldobika Jauregik sorturiko laminaren kopia –apirilaren 9ko GARAren azala izan zena– entregatu zion Aiartzak Kasrilsi, esker oneko keinu gisa.