@iontelleria

Espetxe atarian ostu dizuten musika berreskuratzeko bidezidorrak

Espainiako espetxeetan ‘Demandadero’ deritzotena da musika erosteko bide arautua eta aurrez kartzelan ziren kideek pilatutako CD eta kaseteak aukerarik seguruena. Bestela, beti saia daiteke espetxeko diziplinari ihes egiten dioten ‘leihotxoak’ baliatzen.

Irati Mujikak Brievako espetxean eskuz kopiatutako kantetako bat, «Segurtasun bulegoa»-ren zigiluarekin.
Irati Mujikak Brievako espetxean eskuz kopiatutako kantetako bat, «Segurtasun bulegoa»-ren zigiluarekin.

Espetxea» eta «musika» hitzak elkarri lotuz gero, badira pare bat momentu berezi; bizi izan zituztenek ahaztuko ez dituztenak eta gazteagoen begi-belarrietara ere iritsi direnak: Sarrik eta Pitik Martuteneko espetxetik bafle kutxa baten barruan ihes egin zutenekoa eta 1990ean Herrera de la Manchako kartzelara, Negu Gorriak tarteko, egindako martxa. Espetxea eta euskal politika, ordea, oraino loturik jarraitzen duten bi hitz dira eta musikak ihesbide izaten jarraitzen du, egiaz edo egitez.

«Kultura bera da etxeko giltzekin batera espetxeratzean atarian uzten duzun zera berezi hori», Markel Ormazabal preso ohiaren arabera. Izan ere, kultura eta musika ez dira espetxearen lagun oso onak eta maiz buruari eragin behar izaten zaio momentu batez kalera eramango zaituen doinu hori, akorde hori, topatzeko.

Espainiako espetxeetan ‘Demandadero’ deritzon bidea da kartzelako arauen baitan musika erraz erosteko bidea, zerrenda batetik aukeratuz espetxe kanpoko denda batera eskaria egiteko bidea ematen du honek, «diskoak eskatzeko aukera bagenuen, baina Avilan zegoen musika. Beraz, Euskal Herriko ezer lortzea oso zaila zen», gogora ekarri du Irati Mujikak. Zorte gehixeago izan zuen Ormazabalek, «Ocañako denda hartan musika eskari handirik ez zuten izango eta eskariak Internetez egiten zituzten... inolaz ere imajinatuko ez genukeen musika lortu genuen... Euskal Herriko Bide Huts bezalako diskoetxeetako taldeenak, adibidez».

Eskari bidezkoak kale eginez gero, batetik edo bestetik inguratzen saiatzea ere aukera bat da. Esku-eskura, aurrez espetxean izan diren kideek pasatutako CD edo kaseteak edo espetxetik espetxerako bidean irekitzen diren leiho apurrak. «Garai batean kanpotik sartu ahal zen musika, baina gero eten egin zuten bide hori, espetxeren batean edo bestean izan ezik», dio Ormazabalek. «Orduan, jendeak ‘kondukzioak’ (espetxe arteko garraioak) baliatzen zituen jakinez gero musika sartzeko aukera zegoen espetxeren batetik pasatuko zela senideei une hori baliatzeko eskatuz, musika sar zezaten».

Honek ere kale egindakoan, pertsonen dezenteko sartu-irtena izan ohi da espetxe gehienetan: gobernuz kanpoko erakunderen bateko ordezkariak, erlijio guztietako apaiz edo gidari espiritualak, lan zehatzen bat egitera maiz joan ohi direnak... ordainduz edo muxu-truk, kalerako leiho aparta bilakatzen dira maiz.

Irratiak ere balio dezake musika entzuteko, euskal musikarik ez, noski, Euskal Herritik ehunka kilometrora urrunduta diren presoentzat... edo bai? Uhin ertain (AM) bidez urrutira iristen dira irrati kateak, baita Euskal Herrikoak ere. «Maialen Lujanbiok txapela irabazi zueneko agur bertsoa biharamun goizean entzun ahal izan nuen irratiz», gogoratu du Mujikak, «bat-batean, ordea, ez zen entzuten». Toledon bai, Ormazabalek dioenez, «gauza bitxia da, ekaitza zen egunetan eta gauez soilik» entzuten baitzen. Gainerako espetxeetan ere horrela da, lainoak edo gaua izatea behar du; eguzkiak urrutiko irrati uhinei kalte, itxuraz.

Musikaria denak badu abantaila, bila dabilen akorde hori berak sortu ahal baitu. Instrumentua behar. Aurrez moduluan inork baldin badu, negoziazio kontua da, tabako pakete bat edo bi balio ditzake txirula batek, adibidez, telefono txartel dezente gitarra batek. Hauek izateko baimena behar da ezeren gainetik, ordea, Mujikak lortu zuen gitarrarentzat: «Aurrenekoa, kosta zitzaidan okurritzea eta galdetzea... eta berehala baietz!». Epaitu gabe zegoen orduan Mujika, zigorra jasota eta, ondorioz, lehen graduan Ormazabal, «iritsi orduko egin nituen gitarra lortzeko saiakerak...». Frantziako espetxeetako kideek idatzi ohi zioten han musika instrumentuak izateko aukera bazutela adieraziz... «Frustrazio horretatik» ekin zion eta «sei urtez segitu nuen saiakera bera egiten baina azkenean beti ezezkoa ‘segurtasun irizpideengatik’». Hala ere, sei urtean akorde bat jotzeko modua egin zuen behintzat, «kondukzio batetik bueltan, modulura bidean preso bat topatu nuen gitarra batekin, espetxezainaren despiste batean hartu eta akorde bat jo nuen, espetxezaina konturatu eta kolpez kendu zidan arte... baina akorde bat jo nuen!»

Eskulanen erreinua ere bada kartzela, «irakurri nuen nonbait Gorka Lazkano Kashbadeko kideak lortu zuela espetxean baxu bat egitea natilla poto, hari eta kartoi batzuekin... gerora Gorkarekin berarekin egon naiz eta esan dit ez zuela soinurik egiten eta hatzak mugitzen ez ahazteko besterik ez ziola balio izan baina...». Istorio horrek Adikune bere musika taldeko kideei ideia eman zien, ordea, «hurrengo paketean nire gitarraren maketa bat sartu zidaten paperean fotokopiatua, nire kasa muntatu nezan». Ez zuen soinurik, baina bere gitarra zen.

Lehen graduan egoteak galarazi zion, ziur aski, Ormazabali gitarra lortzea. Mugak gehiago dira eta oztopo eta kontrolak ere bai... batzuetan 2. graduan egoteak kalteren bat edo beste ere izan dezake, ordea, ziega bakarrean bi kide sartzen baitituzte eta lagunak dituen afizioen arabera... Oraindik espetxean duten Oier Goitiari pasatu zitzaion, Frantziatik Espainiaratu eta epaitu artean 2. graduan utzi zuten Soto del Realeko espetxean... eta ziegakideari espetxealdia gitarra ikasteko baliatzea otu zitzaion, ez zuen askorik uste «Solicito autorización para introducir una guitarra ESPAÑOLA» idatzi eta, azken hitz hau larriz jarri zuelako edo, espetxe guztian beste inork ez zuen gitarra bat euskal preso politiko bati izaten utziko ziotenik.

Irati Mujikak kalean zituen partiturak sartu zituen espetxera, «segurtasun bulegoan aste batzuk pasatu eta gero». Gutun bidez kide batek eskatu zizkion ia kantu horiek pasatzeko modurik izango ote zuen, honek baietz, baina nola egin kopiak? «Hartu eta ordenagailuan kopiatu/itsatsi egiten da ba? Ba berdin, baina denak eskuz», dezenteko lana hartu zuen, «baina han zerbait baldin badago hori denbora da...».

Espetxearen arabera, musika kide ezberdinak topatzeko aitzakia ere izan daiteke. Egun seinalatuetan izaten baitira modulu ezberdinetako presoak elkartu eta zuzeneko musika gozatzeko aukera. Ez du ahaztuko Mujikak, «kontzertu bat zegoen eta bertara joan nintzen ea kideren bat topatzen ote nuen, inor ez zen joan baina bi rockero topatu nituen... eta ez ziren ba hasi Barricadaren ‘No hay tregua’ jotzen!».

Los Zopilotes Txirriaos taldeak “Siete mares” kanta argitaratu zuenean Naiara Mallabiak Villabonako espetxetik igorritako gutuna gehitu zion, bertan Gabon zahar gauean presoek gauerdia iristearekin bat ziegako atea kolpatzen dutela zekarren gogora. Liturgia oso zabaldua, eta kasu batzuetan, urte osoan «de usted» hitz egin behar izan diozun horri ahots urratuz Kojon Prietoren “Carcelero” abesteko baliatu ohi dena.

Preso eta bizipen adina soinu banda osatu daitezke, aurten bizitzerik izango ez duzun Hatortxu Rockeko kartelaren araberakoa, adibidez. Ibon Estebanek hala egin zuen, berriki Ahotsa.infok elkartasun jaialdiaz egin duen dokumentalean zekarren gogora: «Banituen S.A. eta Berri Txarraken CD pare bat eta gau horretan nik nire Hatortxu Rock propioa antolatu nuen ziegan».

Kalerako bidea da musika eta honek dakarren, batzuetan egiazko bestetan fantasiazko, bidea. Orain bi urte argitaratutako “Ametsen liburua” osatzeko euren ekarpenean preso bat baino gehiago ageri dira musika instrumentu bat aldean. Iñaki Esparza Lurik, adibidez, gitarra eskuan zuela igorri zuen argazkia eta itsasoari idatzitako kanta.

Enrike Letona ere instrumentu batekin ageri da liburu berean, txirula batekin Murtziako espetxean. “Lo eta esna, espetxean amets ugari” izenburuko gutunean Herrera de la Manchako 90eko hamarkada dakar gogora, «maite zenituen pertsonak ukitzeko inolako aukerarik ez zegoenean» eta orduko ametsa, «espetxetik alde eginez eta etxean agertuz ezustean». Aske utzi ostean erbestean izan zen eta hortik ekin zion etxeko bideari, abisurik eman gabe, lore sorta bat bidaliz iragarle eta telefonoz deituz bikoteari: «Deitu nion esateko ea gustatu zitzaizkion loreak. Baietz esan zidan (...) orduan esan nion gelako armairuan beste sorpresa bat zuela (...), armairuko atea ireki zuenean han barruan aurkitu ninduen mugikorra eskuan nuela (...) geroztik esan dezaket behin egindako ametsa egia bilakatu zela».

Amets egitetik hauek bizitzera tartea dago, baina batzuetan, istant batez bada ere; juxtuan iristen den irrati uhin ahul batek, akorde batek, doinu batek, kantu batek... batu ditzake biak.