EAEko hiru probintzietan, orokorrean, langabezia tasak behera egin zuen iazko urtean. Lau udalerritik hirutan jaitsi zen, eta Enkarterri eskualdea izan zen tasa igo zen lurralde bakarra, %0,5 egin zuen gora. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak plazaratutako datuak dira horiek eta bertan nabarmentzen da 65 udalerritan langabezia %10etik beherakoa izan zela; hau da, EAEko batez bestekoaren azpitik daude (%11,2). Horietariko batzuk dira Orexa, Gaintza eta Urizaharra.
Hori horrela, langabezia-tasarik baxuenak udalerri txikietan erregistratu zirela izan da datu hauetatik ondorioztatu den xehetasun nabariena; Lanestosa, Oion eta Karrantza Harana, ondorioa egiaztatzen duten salbuespenak dira; izan ere, Sestaorekin batera, langabezia tasa altuena izan zuten herriak dira, biztanleen %20tik gora langabeak dira. Era berean, 2016an, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, lanik gabekoen ehunekoa 13,7koa izan zen; 10.000-40.000 biztanleko herrietan, %14,6koa, eta 40.000-100.000 biztanle dituzten hirietan izan zen tasarik altuena, %17,4koa.
Hiru probintzietako hiriburuei dagokienez, Bizkaian jaso zen langabeziako ehunekorik altuena (%18,7), Gasteizek jarraitzen zion %15ekin, eta azkenik, Donostia, langabe gutxien dituen hiriburua (%12,4). Eskualdeei dagokienez, aldiz, Arabakoetan erregistratu ziren langabezia-tasa baxuenak: Gorbeialdea eta Arabako Mendialdea. Eta Bizkaiko Enkarterri eta Bilbo Handia dira langabe gehien zituzten inguruneak. Gipuzkoan, bestalde, Bidasoa Behea izan ezik (%16,3), EAEko langabezia-tasaren batez bestekoaren azpitik zeuden eskualde guztiak.
Gehiengoa, zerbitzuan
EAEko biztanle landunen %73,9k zerbitzuetan lan egiten zutela jaso du Eustatek; hau da, lana dutenen gehiengoak hirugarren sektorean egiten du lan. Nekazaritza da sektore ahulena, %1,1eko langile kopuruarekin. Industria izan zen bigarren sektore garrantzitsuena (%19,2) eta eraikuntzan %5,8k egiten zuten lan.
Estatistika hauek lurraldeka zatituz gero, ez dago ezberdintasun handirik baina, adibidez, Arabako probintzian, zehazki Arabako Errioxan, dauka nekazaritzak indar handiena (%21,9). Mañueta, Ekora edo Bilarren biztanleen erdiak ziren nekazari 2016an. Nahiz eta langile gehien batzen dituen sektorea, Araba Errioxan ere, zerbitzuena izan (%47,6), Bilbo Handiko %80,2tik oso aldenduta dago; izan ere, Bizkaiko hiriburua hartzen duen lurraldea hirugarren sektorean espezializatua dago. Industriako espezializazioan, aldiz, Gipuzkoa da adituena, okupazio-proportzio handienarekin, eta horietatik Debagoienean eta Goierrin hartu zen ehunekorik handiena; Antzuola, Oñati, Ikaztegieta eta Eskoriatzan, esaterako, langileen ia erdiek bigarren sektorea zuten ogibide.
Desberdintasun nabarienak herrien artean ageri ziren. Mañueta edo Eskuernagan hamar landunetik bik baino ez zuten zerbitzuetan lan egiten; Getxo, Plentzia edo Sopelan, bestalde, hamarretik zortzik.
Landunen prestakuntza mailaren arabera jarduera-sektoreen arteko aldeak nabarmenak direla azpimarratzen dute, 2016an landunen %60,8k unibertsitate ikasketak zituen arren. Lehen sektoreko eta eraikuntzako langileen gehiengoak oinarrizko ikasketak zituen. Industrian lanbide heziketa duten pertsonak ziren nagusi eta zerbitzuetan ari ziren langileen %41,6k goi-mailako unibertsitate ikasketak zituzten.
Generoari erreparatuz gero, 2016an aldea estutu egin dela jakinarazi dute. Emakumezkoen jarduera-tasa gizonezkoena baino 4,4 puntu baxuagoa izan zen iazko jardueran, eta langabezia-tasa gizonezkoena baino 3,5 puntu txikiagoa.