GARA
MOSKU

Putinek isunak kentzeko exijitu dio Trumpi harremanak normaltzeko

Vladimir Putin Errusiako presidenteak AEBetako enbaxada eta kontsuletxeetako 755 pertsona kanporatzeko agindu du. Harremanak normaltzeko, Errusiaren aurkako isunak kentzeko exijitu dio Trumpi.

Errusia eta AEBen arteko tentsioak gora egiten jarraitzen du. Estatubatuarrek onartu berri dituzten isunek egoera gaiztotu baino ez dute egin eta badirudi Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenean egoera bere onera ekartzeko sortu ziren itxaropenak gero eta ahulagoak direla, alferrik galtzen ari direla, alegia.

AEBek Errusian duten ordezkaritza erabat murriztu beharko dute irailaren 1erako, Putin presidenteak berak igande gauean telebistaz jakinarazi zuenez. Pertsonalaren ia bi herenek ezingo du Errusian jarraitu. Begiraleek nabarmentzen dute tamaina horretako erreakzioa ezezaguna zela harreman diplomatikoen arloan. Edonola ere, argi geratu da tentsioa gero eta jasangaitzagoa dela bi potentzien artean.

Sei hilabete baino gehiago pasatu dira Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenetik. Eztei-bidaiak iragarri zituzten begirale baikorrenek, bi potentzien arteko harremanei dagokienez, baina justu aurkakoa dugu: gerra hotzaren tankera hartzen ari den etengabeko gatazka.

Moskuk esaten du harremanak normaltzearen aldekoa dela. «Geure arteko harremanak benetan hobetzea nahi dugu. Tamalez, oraindik helburu horretatik urruti gaudela baieztatu dugu», adierazi zuen atzo Dmitri Peskov Kremlineko eledunak. «Egoera honetatik irtetetako ezinbestekoa da harremanak normaltzeko gogoa izatea, isunen bitartez ezer ezartzeko ahaleginak alde batera uztea. Hala ere, presidenteak garbi utzi du geure interesen arabera zenbait arlotan elkarlanean jarraitzeko asmoarekin segitzen dugula», erantsi zuen eledunak.

Konfrontazioa indartu

Ukrainako eta Siriako gatazkek elkarrengandik urrundu egin zituzten bi potentziak. Egoera gaiztotu zuen errusiarrek AEBetako hauteskunde presidentzialetan eragina izan zutela dioen salaketak. Azken kontu hori ikertzen ari dira AEBetan.

«Egoerak hobera egingo zuelakoan denbora asko egin dugu zain. Baina badirudi egoera aldatzen bada ere, ez dela berehala gertatuko», esan zuen presidente errusiarrak. Ideia bera errepikatzen zuten atzo Moskuko hedabide zein begiraleek. «Errusiak hartutako neurriek konfrontazioa indartzen dute. Errusiak ez du Washingtoni isunen bitartez erantzuteko adinako baliabiderik, baina kalte eragin diezaioke nazioarteko politikan», erantsi zuen politologoak, «zibererasoen» aukera gogora ekarriz.