NAIZ
DONOSTIA

Hamasei proiektu aurkeztuko dituzte Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroan

Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroan parte hartzeko izena eman zuten 165 proiektuetatik hamabost aukeratu dituzte eta haiei gehitu behar zaie Erdialdeko Amerikako eta Karibeko proiektu zinematografikoak garatzeko Ibermediaren tailerrean aukeratutako proiektua, lehiaketaz kanpo parte hartuko duena. Hamahiru herrialdetako proiektuak egongo dira presente irailaren 24tik 27ra egingo den foroan.

Zinemaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren seigarren edizioan parte hartzeko izena eman zuten 29 herrialdetako 165 proiektuetatik hamabost hautatu dira. Horiei gehitu behar zaie, halaber, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko proiektu zinematografikoak garatzeko Ibermediaren tailerrean aukeratutako proiektua, lehiaketaz kanpo parte hartuko duena.

Herrialde hauetako proiektuak hartuko dute parte Foroan: Alemania, Argentina, Austria, Kuba, Brasil, Txile, Kolonbia, Estatu espainol eta frantsesa, Herbehereak, Italia, Mexiko eta Suitza.

Aukeratu direnen artean, zinemagile ezagunen zenbait proiektu ere badaude.

Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroko parte-hartzaileetako batzuk dagoeneko izan dira Zinemaldian beste film batzuekin: adibidez, Pablo Aguero (‘Eva no duerme’, Sail Ofiziala 2015), Mikel Rueda (‘Nueva York. Quinta Planta / Nueva York. 5. solairua’, Zinemira 2016) eta Macarena Lopez ekoizlea (‘Rara’, Horizontes saria 2016).

Foroan aurkeztuko dira Koldo Zuazuak ekoitzitako proiektu berria, ‘Morir’, eta Diego Lermanek zuzendutako ‘Una especie de familia ere’, eta biek ala biek Sail Ofizialean parte hartuko dute gainera. Lehen bost edizioetako proiektuen erdia filmatu da. Horietako batzuek nazioarteko hainbat zinema-jaialditan parte hartu dute berriki: ’El auge del humano’, Eduardo Williamsek zuzendua, Cineasti del Presente saileko Urrezko Lehoinabarraren irabazlea izan zen Locarnoko 2016ko zinema-jaialdian; ‘Jesús’ (‘Niño Nadie’ zena), Fernando Guzzoni zuzendariarena, 2016ko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen; ‘Rifle’ (‘Até o Caminho’ zena), David Pretto zuzendariarena, Forum sailerako hautatu zuten iragan Berlinalen; eta X500, Juan Andres Arangok zuzendua, Bright Future sailean lehiatu zen Rotterdameko 2017ko zinema-jaialdian.

Aurten, lehenbiziko aldiz, aurretiko jardunaldi bat izango du Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak, hilaren 24an (igandea), eta bertan egingo da pitching-saioa. Gainerako egunetan, 32. Zinema Eraikitzen sailarekin eta industria-jarduera berriarekin, Glocal in Progress sailarekin, batera egingo da.