Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Bazkari kulturaniztunak ezagupena handitzeko bidea eman du

Kantauri kofradiaren aurreneko aldia da Donostiako Aste Nagusi Piratan. «Hitzetik, gorputzetik eta kulturatik gure ‘koplejuei’ eta festei buelta emateko kofradia» dela diote aurkezpen lelo gisa. Horiek horrela, kantuak eta kultura aniztasuna lotuz, bazkari multikulturala antolatu zuten. Maroko, Honduras zein Euskal Herriko hogeita hamar bat lagun hurbildu ziren La Flamenkara, otordu autogestionatu eta xumearen bitartez harreman berriak osatzeko.

Astelehenean abordatu zuten milaka piratek Donostia. Enbataren arriskuaren jakinaren gainean egonda, segurtasun neurri guztiak betez, lehorrera iristeko ez zuten gehiegizko trabarik izan. Lehorreko jarduerei bidea emanda, beraz, bazkari kulturaniztuna egin zuten atzo La Flamenka gunean, Kantauri kofradiari esker, gizartean –eta piraten artean– dagoen kultur aniztasunari erreparatuta. «Era xumean, baina elkar ezagutzeko modurik aproposenean», azaldu zuen Izarne Zelaiak, kofradiako kide eta atzokoan bozeramaile lanetan aritu zenak. Izan ere, berak GARAri zehaztu bezala, Kantauri kofradia aurten osatu dute, «kantuaren eta kulturaren inguruan sortutakoa da». Hala, beraien programak berrikuntza nabariak ekarri ditu portura, bazkari multikulturala edo Maskarrada –«parodia moduko zerbait»– kasu.

Hondurasek, Marokok eta Euskal Herriak, beraz, bat egin zuten La Flamenkako zoruan. Oihalez estali zuten lur zati bat eta bertan egin zuten otordua. «Guk janarien saski-naskia osatu dugu», zehaztu zuen Zelaiak, «Hondurasekoek juka ekarri dute eta marokoarrek, kuskusa».

Hogeita hamar bat lagunek, borobil bat osatuz eserita, mokaduak zein solasaldiak partekatu zituzten. Edarientzako ere bazegoen tokirik, noski: sagardoa, zukua edo ura aukeran. Dena buffet estiloan, era xumean ere badagoelako horrelakorik. Bakoitzak plater bana eskuan, nahi zuena nahi beste eskura zezakeen. Bazkaria, gainera, autogestionatua izan zen; hau da, parte-hartzaile bakoitzak etxean prestatua. «Elkarrekin disfrutatzea dugu xede, kultura ezberdinak ezagutuz eta harremanak sortuz», azaldu du Izarne Zelaiak.

«Ongi Etorri» proiektua

Elkarlana da piraten oinarria, eta Kantauri kofradia “Ongi Etorri” proiektuarekin jarri zen kontaktuan bazkari kulturaniztuna egiteko. «Eskoletan kulturartekotasuna lantzea xede duen programa daukagu, eta horren bitartez bazkari honetara etortzeko gonbita luzatu genien gazteei», azaldu du proiektuko kide den Dorleta Mikeok.

Aurkezpen ofizialak eta topa egin ostean, elkarren arteko solasaldi txikiek hartu zuten lekua oihalen gainean. Etxeko giroan legez, lasaitasun ttanttekin eta bakoitzaren ezagupenak handitzeko asmo garbiarekin. Kultura anitzeko komunitate bat osatu zuten La Flamenkan, bertatik igarotzen ziren hainbat kanpotarren begiradapean.

«Edozein txalekorekin / etorri zaitez gurekin. / Bakarrik ezin duguna, / egiteko elkarrekin / edozein txalekorekin». Modu honetan bukatu zen euskaldunek eginiko bertsoa, guztiak lepotik helduta zeudela. Elkartasun hitza kantaldi osoan entzun zen: «Elkarrekin gaudenean, konplexurik ez daukagu» edo «elkarrekin lepotik helduz, egin dezagun herria». Bazkalostea luzatzea ez da inolako berrikuntza, bazkari erraldoi nahiz umila izan, eta Honduraseko eta Marokoko erritmoak dantza giro polita jartzeaz arduratu ziren.