Gotzon ARANBURU

Uharte-Arakilgo Artzain Eguna, jai hutsa baino askoz gehiago

Gero eta ardi eta artzain gutxiago dago Euskal Herrian. Milaka urte dituen ogibidea ez dago hilzorian, baina bultzada bat behar du. Artzaintza lanbide erakargarri eta errentagarri bihurtu ezean, etorkizuna ez dago bermatuta, belaunaldi errelebo falta dela eta.

Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko zatiketa administratiboak, politikan ez ezik, kulturan eta ekonomian ere badauka eragina. Nekazaritza sektorean urte luzez pairatu da hori. Badirudi orain urratsak ematen hasi direla Gasteizko eta Iruñeko gobernuak arlo batzuetan bederen batera aritzeko, esate baterako, latxa ardia sustatzeko politiketan.

Gezurra badirudi ere, joan den maiatzera arte ez da izan Nafarroako eta EAEko eragileen arteko bilerarik ardiez eta gaztaz hitz egiteko eta indarrak biltzeko. Altsasun egin zuten lehenengoa, maiatzaren 9an. Nafarroari dagokionez, azken helburua datorren urterako Latxa Ardiaren Plan Estrategikoa prestatzea litzateke, Isabel Elizalde kontseilariaren hitzetan. Besteak beste «lurraldearen antolamenduan paper estrategikoa» daukala latxa ardiak adierazi zuen Elizaldek, eta gehitu zuen ekoizpen mota honi bultza egin beharra dagoela, nekazari gazteentzako eta emakumeentzako erakargarri eta errentagarri bihur dadin. Eusko Jaurlaritzako Bittor Orozek bat egin zuen Elizalderekin, eta gehitu zuen prestigio sozialean ere gora egin beharra daukala artzainen lanak.

Arlo askotan dago lan egin beharra latxa ardiarekin, honek emandako esnearen eta arkumeen ekoizpenari eta komertzializazioari dagokionez. Ordiziako Azokako gazta enkante deigarriak edo nazioartean lortutako sariek ezin dute ezkutatu sektorea sustatu beharra dagoela, bai behintzat belaunaldi erreleboa bermatuko bada artzaintzan. Berdin egin behar da bestelako aktibitate ekonomiko handirik ez duten landa eskualdeekin beraiekin ere artzaintza enplegua sustatzeko bide eraginkorra izango bada, batez ere mendialdean.

Hobekuntza genetikoa, produktuaren homogeneizazioa, larreen eskuragarritasuna, arkumearen balorizazioa, komertzializazio zirkuitu motzak eta luzeak, gazteen formazioa, kalitate markak… ugariak dira hobetu daitezkeen atalak, sektoreko agenteek garbi adierazi dutenez, bai artzainek beraiek eta bai hegoaldeko administrazioek. Kontuan izan behar da, besteak beste, Idiazabal jatorri izena Hegoalde osoan dagoela hedatuta; Nafarroari dagokionez, 27 ekoizle daude Idiazabal izendapenean, bat Erronkari izendapenean eta 26 izendapenik gabe ari dira. Beste lauk ekologikoan jarduten dute.

Orain arte esandako guztia ondo baino hobeto dakite Uharte Arakileko Artzain Egunaren antolatzaileek eta bertaratzen diren artzainek. Aurtengoa 50. edizioa izango du, betiko helburuekin, hau da, artzaintzari eta artzainei merezitako esker ona azaltzea eta bertaratzen direnei erakustea ardi, gazta eta ardi-zakur onenak, baita sektoreko agenteei elkarrekin egoteko eta egun bat konpartitzeko aukera eskaintzea ere. Aurten 36. latxa ardi gazta lehiaketa egingo da Uharte Arakilen (Euskal Herriko Txapelketarako kanporaketa), baita 1968tik etengabe jokatzen den ardi-zakur txapelketa ere. Ardi-mozte lehiaketa ere izango da Artzain Egunean.

Otsailetik lanean

Txapelketez gain, azoka, gazta egite erakustaldia, ardi eta zakur erakusketa, makinaria erakusketa… zer ikusi eta zer erosi ez da faltako Sakanako herrian. Jain egun osoa, beraz. Urte hasieratik heldu zioten lanari antolatzaileek, Aralar Mendi elkartekoek, bihar dena ondo atera dadin. Ez da txantxetako kontua: ia berrehun herritar inplikatzen dira zuzenean, eta beste asko zeharka, Artzain Egunaren antolaketan. Gestio asko egin behar dira, bai arlo ekonomikoan eta bai antolaketa praktikoari dagokionez, kategoria honetako ekitaldi bat aurrera eramateko, Aralar Mendiko lehendakari den Txomin Huartek adierazi digun moduan. «Bai, ez dugu atseden handirik izaten. Artzain Egunak eman dio sona Uharte Arakili eta listoia altu dago, ezin dugu huts egin. Otsail ingurutik hasita, instituzioekin mintzatu behar da, babesleekin, artzainekin, ikuskizunetan parte hartuko dutenekin, hedabideekin… Hilabetetako lana da, baina bereziki uztailean eta abuztuan sortzen zaigu zeregina erruz», azaldu du Txominek herriko plazako elkarteko bulegoan, non telefonoak behin eta berriro jotzen duen eta jendearen joan-etorria ere etengabea den.

Ordaina, artzainen esker ona, eta bisitariena. Hori da nagusia, baina instituzioak ere hasiak dira jabetzen zortziehun biztanle inguruko herri honek Sakanaren izena lau haizeetara zabaltzen duela, Euskal Herri osoan eta kanpoan. 2012an “Interes Turistikodun Festa” izendatu zuen Nafarroako Gobernuak Artzain Eguna eta aurten bertan Karlos III.a Noblearen gurutzea jaso dute antolatzaileek, festa 50. ediziora iritsi dela eta. Horiek baino gutxiago ez dituzte preziatzen Aralar Mendikoek beste adierazpen batzuk, esaterako Auritzeko herritarrek emandako zurezko oroigarria. Hala dio: “Aralar Mendi elkarteko lagunei esker mila, eskainitako laguntzagatik. Auritz/Burguete. 2017-07-30”.

Ardiak eta artzainak dira Artzain Egunaren oinarri. Hauen lana eta produktuak erakustea, aintzat hartzea, festaren helburua. Artzainekin hitz egin behar, beraz, haien egungo egoeraz eta etorkizunaz.

Rikardo Goikoetxea ezinbesteko mintzalaguna da. Gizon adeitsua halakorik bada, bere bordara eraman gaitu, Sakanako euskara eder askoan atzoko eta gaurko kontuak kontatzeko. Rikardo izan zen Txiki zakurrarekin Uharte Arakileko lehendabiziko artzain-zakur txapelketa irabazi zuena, 1968an. Bizitza osoa artaldearen inguruan eman du Goikoetxeak (67 urte), eta, egun erretiroa hartuta badago ere, «lauzpabost azienda» baditu oraindik, «denbora-pasa moduan».

Iragana eta etorkizuna

Iñaki Vergara argazkilariak eta Ion Orzaiz kazetariak 2009an argitaratutako “Artzaina” liburuaren protagonista izan zen Rikardo. Ezin hobeto bildu ziren lan horretan garai bateko artzaintzaren nondik norakoak, eta halaxe azaldu dizkigu guri ere Rikardok, liburua oparitzearekin batera. 300-400 buruko artaldea berak bakar-bakarrik zaintzen zuen, oinez ibilita –«hala behar du artzainak, zakurrak kasu egingo badio, ez orain ibiltzen diren bezala, autotik jaitsi gabe»–, eta arkumeak jaiotzean-eta lana handitzen zen arren, berriro jaioko balitz berriro artzain izango litzatekeela diosku, zalantzarik gabe. «Eta zerriak haziko nituzke, ezkurra bapo emanda!», gehitu du. Ikusten du, ordea, berak ezagututako artzaintza azkenekotan dagoela: «Hau bukatzera ziek».

Etorkizuna Jokin Huarte eta Aitor Campion moduko gazteen eskuetan dago. Jokinek, ikasketak bukatu ondoren fabrika batean lan egin zuen, baina berehala utzi zuen, etxean betidanik ikusitako langintzan hasteko, arditan, osabarekin. Duela hamabost urte izan zen hori eta gero eta gusturago dago egindako aukerarekin, nahiz eta batzuetan amorrualdiak izaten dituen, esaterako, artaldea batetik bestera eramatekoan autoek eta errespetu gutxi erakusten diotenean. Onartzen du Jokinek ez dela erraza zerotik hastea artzaintzan, baina bere etxean baziren ardiak eta horretaz baliatu zen.

Erabat hutsetik hasi zirenak Aitor Campion eta bere bi lehengusu izan ziren. Industrializazio garaian haien gurasoek Sakanatik Iruñera jauzi egin zuten, beste askoren moduan, baina hurrengo belaunaldiak justu alderantziz jokatu zuen; hiriburuak ase ez eta Arruazura etorri ziren, bertan artzain hasteko. Eta horretan ari dira, jo eta su. «Artzaintza lan bat da, hemen beti egin dena, hemengo ardiekin eta hemengo eran, eta ez museo bateko erakusketa. Artzainok jendartearen beharra dugu, eta alderantziz. Nik uste jendea jabetzen dela gure lanaren garrantziaz eta errekonozitzen duela».

Eskatzen hasita, politika egokiak eskatzen ditu Aitorrek, ez beste munduko ezer: «Ardiekin basoen eta mendien zaintza egiten dugunez, oztoporik ez jartzea, horixe. Eta laguntzak badatoz, bada, ongietorriak izango dira. Esaterako, Artzain Eguna da laguntzeko era eder bat. Baina berriro diot, gure lanari trabak ez jartzea da beharrezkoena».

 

Hamar urtean, 365.000 ardi gutxiago Hego Euskal Herrian

Iaz Espainiako Gobernuak argitara emandako “Indicadores económicos del sector ovino y caprino” txostenaren arabera, bederatzi mila pasatxo dira Hego Euskal Herrian ardiak hazten dituzten ekoizleak, izan esnetarako edo izan haragitarako. Zehazki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.552 ekoizle daude, eta Nafarroan (datuak bereizita ematen ditu txostenak) 2.638. Baina buru kopuruari erreparatuz gero, oso bestelakoa da egoera: Nafarroan 509.000 ardi zeuden iaz eta EAEn 272.362 bakarrik, ia hamarretik bederatzi haragitarako haziak. Horrek zera esan nahi du: Nafarroako artaldeak nabarmen handiagoak direla Hegoaldeko beste hiru herrialdeetakoak baino.

Asko al dira, edo ez? Beharbada, galdera hori baino interesgarriagoa litzateke beste hau: goraka al doa artzaintza, edo beheraka? Bada estatistikari begiratuta, ez dago baikorra izaterik. Izan ere, hamar urteko tartean (2006-2015, biak barne) etengabeko galera jasan du ardi kopuruak. EAEn ia ehun mila buru gutxiago daude, 2006ko 354.484 burutik 2015eko 259.454ra pasa baita kopurua. Nafarroan are esanguratsuagoa da beherakada, ia hirurehun mila buru galdu baitira; hain zuzen ere, 786.298 burutik 516.469ra jaitsi da zenbatekoa.

Europa osoari begiratuz gero, Erresuma Batua da errege ardi kopuruan, ia hogeita lau milioi bururekin, Estatu espainiarra eta Estatu frantziarra biak batera baino gehiago, bertako artaldeak batuta hogeita hiru miloi eta erdira iristen baitira.

Idiazabal gaztari dagokionez, “urrezko urteak” 2000 eta 2010 artean bizi izan zituen, baina krisi ekonomikoaren eraginez asko jaitsi zen ondoren ekoizpena: 1,46 milioi kilo gazta egitetik Hego Euskal Herri osoan, 1,10 milioi egitera 2013an. Baina berriro ere hasi da goraka egiten ekoizpena, iaz 1,34 milioi kilokoa izan baitzen. 120 gaztandegi ari dira lanean egun, horietatik laurdena Nafarroan.

Ahuntzak ere badira gure mendi eta lautadetan, baina askoz gutxiago. EAEn 29.852 buru eta Nafarroan are gutxiago, 12.517 besterik ez. Deigarria da, ardietan ez bezala, ahuntzetan ez dela ia gorabeherarik izan azken hamarkadan, 2006an baino ehunka batzuk gehiago baitaude egun. Berriro ere Europara begiratuta, Grezia da nagusi, lau milioitik gora ahuntz eta akerrekin.

Jakina denez, ardia abere emankorra da, emankorrik bada. Bere ilea ematen digu, baina batez ere esnea eta arkumeak kentzen dizkiogu animali otzan honi. 2015eko datuak ditugu eskura, eta horien arabera 375 tona ardi haragi ekoitzi ziren urte horretan EAEn, eta hamar aldiz gehiago Nafarroan, zehazki 3.479 tona. Gotzon ARANBURU