Ipuruak hartu du denboraldi berriko lehen derbia, Eibar eta Athleticen artekoa. Etxekoak atera dira kinielatan faborito moduan, eta horren zergatia erakutsi dute lehenengo minutuetan bederen.
Intentsitate handiz ekin diote Eibarko jokalariek neurketari, indarrean. Futbol ona egin dute eta sufritzen ikusi da Athletic. Horretan zirela, asko kosta zaio, adibidez, Unai Nuñezi Kike Garcia geratzea.
Etxeko taldearena zen neurketaren erabateko kontrola, harik eta bere lehenengo aukeran gola egin duen Athleticek. Iñaki Williamsek egin du jokaldia, eta haren erdiraketa sareetara bidali du aurrelari donostiarrak. Lehenengo zatiko 38. minutua zen, eta partida irauli beharrean suertatu da Eibar.
Gola sartzearekin batera neurketa bere erara kontrolatzeko gai izan da Athletic. Eibarrena izan da baloiaren jabetza oro har, baina ez ditu hain aukera garbiak sortu. 68. minutuan iritsi da neurketako aukerarik garbiena etxekoentzat, baina jada ate barruan zirudien Kike Garciaren baloi bat Keparen geldituarekin topatu da. Aipatzekoa atezain zuri-gorriak Ipuruan egin duen partida.
Behin azken ordu laurdenera sartuta nekea antzeman da etxekoen zelai erditik gorako jokalarien artean, eta Mendilibarrek egin dituen aldaketek ere ez dute entrenatzaileak uste edo espero zuena eman.
Nahiz eta berdinketa litzatekeen gaur Ipuruan normalena, Bilbora egin dute hegan hiru puntuek. Hala, laurekin geratu da Athletic; hirurekin Eibar. Etxekoek hamar jokalarirekin amaitu dute neurketa, Joan Jordanek bi txartel hori ikusi dituela eta.
Errepasatu neurketak utzitako xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.