NAIZ

Zamakolada altxamenduaren gertakariak ezagutzeko bisita gidatuak irailean

Irailaren 5etik 30era oinezko ibilbidea egiteko aukera izango dute, XIX. mendearen hasierako Zamakolada altxamenduaren gertakariak bizi zituzten zenbait leku ezagutzeko.

Zamakolada ezagutzeko bisita gidatuak.
Zamakolada ezagutzeko bisita gidatuak.

Bilboko Udalak irailean ekingo die berriro hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan.

Urteko azken bisita honetan oinezko ibilbidea egitea proposatuko zaie partaideei Abandoko elizatetik, Zamakolada izenez ezagutu zen altxamenduaren agertoki izan ziren zenbait leku ezagutzeko. XIX. mendearen hasieran, derrigorrezko zerbitzu militarra ezartzeak eta beste portu bat egitearekin erlazionatutako albisteek, altxamendua eragin zuten Bilbo inguruko elizateetan.

Abandoko elizatea bilakatu zen Bilboko herritarren eta merkatarien, eta Simón Bernardo de Zamacola buru zuten jaurerriko agintarien arteko gatazkaren agertokia. Asanbladak, erasoak, miaketak eta okupazio militarra eman ziren gure historiako gertakari hartan.

Ordubete eta erdi inguruko iraupena izango duen proposamen berria Done Bikendi elizan abiatuko da, izen bereko plazan. Bertan, garai hartan presondegi gisa erabilitako zenbait egoitza kontserbatzen dira oraindik.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16.00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (ostiral arratsaldeetan euskaraz) eta larunbatetan 10.00etan, eta 12,00etan, datorren irailaren 30era arte.

Horrez gain, bisita euskaraz egin nahi duten taldeentzako beste hitzordu batzuk ere adostu ahal izango dira. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08.00etatik 20.00etara).