@belastegi
ARRASATE

Kataluniari babesa adierazita, gazteek aske izateko baimenik ez dutela behar aldarrikatu du Ernaik

Ernaik agerraldia egin du gaur goizean Arrasaten Kataluniako erreferendumari babesa eskaini eta horren harira dinamika bat martxan jartzeko.

Ernairen agerraldia Arrasaten, Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko. (ARGAZKI PRESS)
Ernairen agerraldia Arrasaten, Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko. (ARGAZKI PRESS)

Hamarnaka izan dira gaur Arrasaten elkartu diren gazteak. Datozen egunetan herri eta hirietatik zabalduko dituzte irailaren 28rako deitu duten mobilizazioari buruz informazioa ematen duten kartelak. Izan ere, egun horretan «Baimenik ez aske izateko» lelopean kalera irteteko deia zabaldu dute.

«Ez dugu inoiz baimena eskatu, eta ez gara orain baimena eskatzen hasiko. Kataluniarrek ere ondotxo dakite, desobedientziaz eta inongo baimenik eskatu gabe askatasunaren bidean pauso historiko bezain erabakigarriak egiten ari dira eta egingo dituzte datozen aste eta hilabeteetan», aipatu dute. Urriaren 1eko erreferenduma tartean «mugarri izango bada ere, ez da izango azken pausoa bidean aurrera jarraitzeko beste pauso garrantzitsu bat baizik» haien ustez.

Urrats hori sendotu beharrean sentitzen dira gazteak, «herri zapabakarra».n askatasuna denon askatasuna baita». Hala, Ernairen agerraldiaren bitartez babesa eta elkartasuna helarazi nahi izan diete Herrialde Katalanei «oztopoak oztopo», euskal gazteriak ere askatasuna nahi duelako. «Isilarazi nahi bagaituzte ere, horixe adierazi dugu hamarkadetan zehar. Ez dugulako onartuko estatu ustel hauek erabaki dezaten gure buru eta gorputzen gain», azpimarratu dute.

Zentzu horretan esan dute «hautetsontzia jartzea delitu bilakatu nahi duten estatu hauen pean, auzia ez dela independiente izan edo ez izan erabakitzea, baizik eta zer izan nahi garen askatasunez erabaki ahal izatea», eta David Fernandezen hitzak errepikatu dituzte: «independentziarako bide demokratikorik ezean, independentzia da demokraziarako bide bakarra».

Dependentziaren kosteak aski ezagunak dituztela aipatu dute eta horiek aldatzeko modua badela, euskal errepublika, Mozal Legea, Lomce, lan erreforma eta bestelako inposaketei aurre egiteko bide bezala. Estatu espainolean, aldiz, monarkia, elite ekonomiko eta enpresariala, Konferentzia Episkopala, Guardia Zibila eta «beraien zerbitzura diharduten alderdi politikoak jaun eta jabe dira».

«Kataluniarrak frogatzen ari diren bezala, errepublika propio bat sortzea aukera erreala da. Ez da hemendik hamarkadetara lortu dezakegun errealitate utopiko bat. Orain eta hemen lortu dezakegu», ondorioztatu dute.