EH Bilduren Mahai Politikoa Donostian bildu da gaur goizean eta Kataluniako egoera eta Gure Esku Dagok joan zen larunbaterako antolatutako manifestazioa izan ditu aztergai. Ohar batean jakinarazi duenez, indar abertzaleak erabaki du bilera erronda bat hastea eragile politiko, sozial eta sindikalekin, denen artean Kataluniako herriari babesa nola adierazi eta Euskal Herrian ere «bide propioa egitea nola artikulatu» hausnartzeko.
Nabarmendu duenez, larunbateko manifestazioak agerian utzi zuen «gure herrian badela gehiengo soziala Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala eta hori egikaritu behar dela sinesten duena» eta Bilbon bildu ziren milaka lagunak Kataluniari agertutako babesaren «erakusleiho» bihurtu ziren.
Era berean, Kataluniako prozesuak aurrera egin ahala Gobernu espainolaren erantzunak agerian utzi du, EH Bilduren iritziz, «Europan homologatutako demokrazia bat izatetik oso urruti dagoela Espainia. Astakeria juridikoak eta jarrera antidemokratiko lazgarriak ikusten ari gara Kataluniarekin».
Espainiar Estatuaren «izaera antidemokratikoa» ikusita eta Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde gehiengo soziala badela kontuan hartuta, EH Bilduk bilerak egingo ditu eragile desberdinekin, Kataluniari elkartasuna nola adierazi erabakitzeko, «are eta gehiago kontuan hartzen bada Espainiako estatuaren aldetik eraso antidemokratiko bortitza pairatzen ari direla».
«Katalunia defendatzea Euskal Herria defendatzea da, demokrazia eta eskubide zibil eta politikoak defendatzea da», adierazi du.
Horrekin batera, indar abertzaleak beharrezko ikusten du Euskal Herrian bide propioa nola egin hausnartzeko eragile politiko, sozial eta sindikalekin «harreman iraunkor bat» abian jartzea.
«Frogatua dago herri honetan gure erabaki propioak hartzen ditugunean gauzak hobeto egiten direla, gure errealitate ekonomikoari eta sozialari ondoen egokitzen zaizkion erabakiak hartzen ditugula», nabarmendu du.