Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
IÑIGO GARCIA
ARKITEKTOA ETA ZINEMAGILEA

«Zergatia baino gehiago interesatzen zait bidaian zehar gertatzen dena»

Ikuslearengan sentsazioak eragitea, atmosfera zehatz bat sortu eta transmititzea izan du helburu Iñigo Garciak «Bi txirula» osatzerako orduan. Leku hobe baten bila bi pertsonak egiten duten bidaia du oinarri filmak, baina bidaia bera bilakatzen da interes puntu. Zinemiran aurkeztuko dute filma.

Zer ideia garatu duzue «Bi txirula» pelikulan?

Pelikularen argumentuari buruz hitz egitea zaila egiten zait, ez baita gauza handirik gertatzen, oso oinarrizko trama du. Bidaiaren ideiaren inguruan film bat sortzeko gogoa nuen eta banekien zer-nolako filma egin nahi nuen, zerekin nahi nuen esperimentatu. Burura etorri zitzaizkidan Iker Hazas, aktorea ez bada ere beste lan batzuetan aritu den nire lagun bat, eta Jon Elizalde, nire tronboi irakaslea. Euskal berpizkundeko disko bat argitaratu zuen eta hainbat elkarrizketa egin zizkioten, eta irratian entzun nuenean pentsatu nuen Ikerrek eta Jonek bikote polita egin zezaketela nik buruan nuen film horretarako.

Zergatik? Zer elementuk lotzen ditu bi pertsonaiak?

Komunean ez dute ezer, Iker nahiko isila da, Jon oso hiztuna... Nire asmoa zen leku jakin batzuetara joan eta elkarrizketa batzuk izatea, baina elkarrizketa libreak, nik filmaren oinarriarekin bat egiten zuten gaiak proposatu eta ideiak sortzen joan zitezela, graziarekin...

Lehen filmaketa bat egin genuen proba gisara. Nik filmaren ideia eta lokalizazioak nituen –oso garbi nuen protagonistek nondik zehar egingo zuten bidaia–, eta, pelikula beraientzat pentsatua zegoenez, lehen filmaketa hura gaizki ateraz gero ez zela filmik egongo erabaki nuen. Baina ondo atera zen.

Eta filmean zer dira gehiago, Jon eta Iker edo bi antzezle?

Nahasketa bat dago. Filmean izenak ere eurenak dituzte, Jon eta Iker dira, eta unean asmatu eta botatakoek badute pisua, batez ere filmaren lehen zatian. Amaieran, Kandido Urangak ere hartzen du parte, bera da antzezle profesional bakarra, eta hor jada pelikula “idatziagoa” da. Hasieran planteamendua irekiagoa da eta amaiera aldera pelikula ixten doa, eta pisu hori eramateko bai, aktore profesional bat behar nuen.

Gidoi librearekin arituta ere, zure galderek markatuko zuten elkarrizketen norabidea.

Bai, baina niretzat inportanteena atmosfera jakin bat sortzea zen. Nahiz eta bidaia horren arrazoia gutxi gorabehera azaltzen den, ikusleak naturan barrena doazen bi pertsona ikusten ditu, orain arrain bat jaten dute eta abar, baina ez daki oso ondo zergatik edo nora doazen, eta uste dut horrek eutsi egiten diola filmari, arreta mantentzen laguntzen duela. «Zergatik» hori baino gehiago interesatzen zait bidaian zehar gertatzen dena.

Argazkia eta muntaia zaindu dituzu bereziki.

Irudiak, planoak, hizkuntza hori lantzea interesatzen zitzaidan. Pelikula bat ikusten dudanean emozionatzen nauten gauza horiek agertu nahi izan ditut. Plano gutxirekin ahal nuen gehiena kontatzea, erritmoa ondo kontrolatzea, denbora... Hizkuntza zinematografiko aldetik landutako pelikula bat dela uste dut. Neure buruari tranparik egin gabe egindako filma da.

Nolakoa izan da filmatzea?

Urtebetean egin dugu, baina ez dira egun asko izan, bakoitzak gure eginbeharrak ditugulako eta elkartzea zaila izan delako. Egun solteetan filmatu dugu. Lokalizazioak oso garbi nituen hasieratik eta, adibidez, Aralarrera edo Canfrancera hiru egun lehenago joan eta lekuak zer esaten zidan eta bertan zer egin genezakeen hausnartzen nuen. Filmaketara hori oso landuta nuela joaten nintzen baina beti saiatu naiz aurrez aipatzen nizun inprobisazio puntu hori mantentzen.

Eta zatika grabatze horrek baditu bere desabantailak, baina abantailak ere bai: filmatzen genuen heinean materiala muntatzen joan naiz, pelikula osatzen, eta pelikula bere bidea egiten joan da. Uste dut horregatik dela bukaera aldera, azkeneko filmaketetan, elkarrizketak zehaztuago zeudela.

Lokalizazio gehienak ingurune naturalak dira.

Denak dira kanpoko irudiak. Aralar, Zumaia, Canfranceko estazio zaharra, Esako urtegia, Landetako pinudiak...

Eta zergatik «Bi txirula», erreferentzia musikal hori?

Pertsonaietako batek txirula jotzen du bidean zehar, filmeko une ezberdinetan. Pelikulak duen musika bakarra hori da. Berez anekdotikoa da, ez du loturarik tramarekin, baina konturatu nintzen bi pertsona direla, bidaiak berak bi fase dituela... dualitate hori momentu askotan agertzen da filmean. Pelikula bera ere xumea da, ekipo xumearekin egina, eta pertsonaiak esaten du txirula bera musika intrumentu xumea dela. Uste dut pelikularen ikuspuntuarekin bat egiten duela.

Zinemaldiaren ostean, ze ibilbide izango du filmak?

Zinemaldian egoteak ilusio handia egiten digu, batzuetan lan handia egin eta emaitza tiraderan geratzen delako. Film berezia da, pertsonala, ez komertziala. Zer ibilbide izango duen, ikusiko da.