GARA
bilbo

Patronal nagusiak eta ELAk adostutakoa, zahar-egoitzen gatazka konpontzeko urratsa

Hiru patronaletako batek, negoziazio mahaian %40a duen Gescak, Bizkaiko zahar-etxeentzat egindako eskaintza onartu du ELAk, langileen gehiengoa ordezkatzen duenak. Baina greban segitzen du, akordioa sinatzeko bigarren patronal baten babesa behar baitu.

ELAk Gescarekin ados jartzea lortu du, baina ez du bertan behera utzi duela 20 hilabete abiatu zuen eta jada 350 lanuzte eta mobilizazio egun bete dituen Bizkaiko egoitzetako greba. Horren arrazoia da Gesca negoziazio mahaiko hiru patronaletatik ordezkaritza zabalena duena izan arren (%40a), bere atxikimendua ez dela nahikoa akordioa sinatzeko. Beste bi patronaletako baten, Elbe edo Laresen, babesa ezinbestekoa da. Hori da, hain zuzen, mobilizazioekin segituz lortu nahi dutena.

Gaizka Miguel Bizkaiko egoitzen sektoreko ELAko arduradunak Europa Press-i esplikatu zionez, azken egunetan Gescarekin izan dituzten negoziazioak areagotu eta asteartean baiezkoa eman zion sindikatuak patronalaren proposamenari, horrek azken 20 hilabeteetan mahai gainean jarritako aldarrikapen guztiak jasotzen dituelako.

Halere, oraindik ez dago inongo akordiorik gatazka amaitzeko, sektoreko 5.000 langileei aplikatuko litzaiekeen akordioa sinatzeko patronalaren gehiengoa ados jartzea behar baita. Hau da, hiru patronaletatik bik egin behar dute bat.

Miguelek agentziari aitortu zionez, ez dute bilerarik aurreikusita Elbe eta Laresekin, eta oso kritiko azaldu zen biekin. ELAko eledunaren iritziz, gatazka honetan inplikatutako alde bakoitzak bere bidea egin beharko du. «Patronalek euren artean hitz egin beharko dute eta ez dakit Aldundiak ere mugitu beharko duen». Sektoreko hitzarmena lortu arte langileen poza «oso neurtua» izango dela adierazi zuen. Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioa, aldiz, itxaropentsu agertu zen. «Datozen egunetan edo astean soluzio on bat bilatzea» espero du.

LAB ere kalean

Bitartean, langileen aldarrikapenak mahai gainean jarri eta Foru Aldundiari duen ardura behar bezala bete dezala eskatzeko mobilizazioa egin zuen atzo LABek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, bertako «egoitzen kudeaketa-eredua aldatzea beharrezkoa delako eta instituzio honen inplikazioa eskatzeko».

Bizkaiko zahar-egoitzetako baldintza-orrien zirriborroa eskuratu du sindikatu abertzaleak. Urriko lehen asterako espero da horiek, eta, beraz, Foru Aldundiak egoitzekin egingo dituen kontratuen baldintzak onartzea. LAB kalera atera zen atzo, bere ustez baldintza-orri horiek ez dituztelako inondik inora jasotzen zerbitzu duina eman ahal izateko langileek eskatzen dituzten gutxienekoak.