NAIZ

Nahikari Otaegi preso politiko donostiarra aske geratu da

Azken lau urte eta erdiak espetxean igaro ostean, aske geratu da gaur goizean Nahikari Otaegi donostiarra. Harrera beroa jaso du Valladolideko espetxe atarian. Bertan zituen bikote eta seme-alabak, baita lagun eta senideak ere. 19:00etan harrera eginen diote Amaran.

Nahikari Otaegi aske geratu da. (NAIZ)
Nahikari Otaegi aske geratu da. (NAIZ)

Lau urtez preso egon ondoren, Nahikari Otaegi aske geratu da, guztira sei urteko espetxe zigorra beteta. Kartzela atarian zituen zain lagun eta senideak. Tartean, bikote eta seme-alabak ere. Donostiara bidean da dagoeneko euskal preso politikoa.

Militantzia politikoa dela eta, atxilotu zuten Nahikari Otaegi, Segiko kide izatea leporatuta. Atzo aske geratutako Imanol Vicente moduan, bere burua aurkeztu zuen Otaegik 2013ko apirilean. Bere kasuan, Aranjuezen. Arrazoi pertsonalak medio, ez zuen Donostiako Askegunean parte hartu, nahiz eta dinamikarekin bat egin.

Otaegi zazpi hilabeteko alabarekin sartu zen kartzelan eta kanpoan hiru urteko semea utzi behar izan zuen. Kondena Valladolideko espetxean, etxetik 350 kilometro ingurura urrunduta, bete ondoren, aske gelditu da. Ongietorria antolatuko diote 19.00etan Donostiako Amara auzoan.


Espetxean bere burua aurkeztu aurretik, elkarrizketa eskaini zion NAIZi, auzia, prozesua eta zigorra nola bizi izan zituen azalduz. 

Prozesu hartan zortzi gazte izan ziren atxilotuak. Haietako sei Donostiako Askegunetik eraman zituen Ertzaintzak. Zortzi hauetatik, zazpi kalean dira dagoeneko eta Ekaitz Ezkerra da oraindik espetxean dagoen bakarra.