Aimar Etxeberria Korta

Ez da euren erreferenduma, baina izango balitz bezala; Kataluniarekin dago eskoziar independentismoa

Hedabideak, sare sozialak eta kalea. Elkartasuna, berotasuna eta babesa. Muturra gehiegi sartu gabe, distantziatik, baina egin du Eskoziak Kataluniako independentzia erreferendumaren jarraipena. Badakite eurek zer den etorkizun politikoaz erabakitzea; zoriak katalanei bestelako patu bat eskaintzea espero dute.

Izan daiteke ispiluaren aurrean bere buruaren erreflexua ikusten duelako, baina interes oso bereziarekin ari da jarraitzen Eskozia Kataluniako independentzia erreferendumaren afera. Eskoziarrek badakite zer den nork bere buruaren etorkizun politikoa hautatzea; 2014ko irailaren 18an egin zuten ariketa. Hiru urte pasatxo dira, beraz, Britainia Handiaren baitan jarraitzea erabaki zutenetik, hiru urte pasatxo independentziari ezetz esan ziotenetik –%55 aurka, %45 alde–. Orain, baina, Katalunian jokatzen da partida; harmailetan toki pribilegiatua hartua dute eskoziarrak.

Bi erreferendumen arteko ezberdintasunak alde batera utzita –nahiz nabaria izan Madril izaten ari den jarrerak ez duela zerikusirik bere garaian Londresek izan zuenarekin–, Eskozia biharko egun historikoari egiten ari zaion jarraipena aztertu dugu. Zer informazio dute eskoziarrek Katalunian gertatzen ari denaz? Nola eta nondik jaso dute informazio hori? Eta zein da eskoziar independentismoaren erantzuna? Zein Katalunia bizitzen ari denak eragiten dion sentipena?

«The National», erreferentzia

Eskoziar independentismoa ari da, batez ere, Kataluniako independentzia erreferendumari bozgorailua jartzen. Eta jardun horretan bada erreferentzia nagusi bat: “The National” egunkaria. Eskoziako independentzia erreferendumaren ostean ikusi zuen argia aipatu berripaperak –urte bereko azaroaren 24an hain zuzen–, eta bere ari da egiten Kataluniako afera. Eguna joan eguna etorri aurki daiteke bihar egingo den erreferendum independentistarekin osatutako azala, baina bereziki hedatu da estelada batekin lagundutako «Sí» handi batek lagundutako portada. Argi eta garbi gaineratzen du azalak gainera: «We support Catalonia’s right to choose». Alegia, “Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde gaude” –ikus eskuineko argazkian gizonezkoak eskuartean duen berripapera–.

CommonSpace webgunea da Kataluniakoa lehen mailako gertakari politiko bezala hartzen ari den beste hedabide bat. Eta aurki daitezke albisteak “The Scotsman” eta “Herald Scotland” hedabide nazionaletan ere, nahiz eta ez izan hain ugariak. Agertu izan direnean, gainera, Katalunia eta Eskoziaren arteko ezberdintasunak plazaratzeko hautua egin dute aipatu hedabideek, Katalunian gertatzen ari denak Eskozian inolako eraginik izan ez dezan ahalegin berezia egingo balute bezala.

Eta nola ez, sare sozialak. Kataluniak badu Eskozian bere Julian Assange propioa ere, eta hori George Kerevan da. SNPren legebiltzarkidea Westminsterreko Parlamentuan 2015etik, 2017ko hauteskunde orokor britainiar aurreratuetan galdu zuen bere aulkia. Aurrez, talde parlamentario ezberdinek osatutako Kataluniaren aldeko plataforma osatu zuen eta gaur egun erreferendumaren aldeko eragile aktiboa da Twitterren. Besteak beste, gisa honetako esaldiak idatzi izan ditu: «Egin dezakegun okerrena da Madrilgo erregimenak demokrazia katalana zanpatu dezan uztea». Azpimarratzekoa ere “Catalanas for Yes” izeneko erabiltzailearen jarduna; ezinbestekoa afera katalanari ingelesezko jarraipena egiteko.

Edinburgoko Akordioa, eredu

Kataluniako erreferenduma Holyroodeko hizketagai izatera ere iritsi da. Iragan asteko ostiralean egin zituen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak gaiaren inguruko adierazpenak Legebiltzarrean, eta, aferaren inguruko bere iritzia zein den garbi utzi bazuen ere, ez zuen kontua Eskoziako egoerarekin nahasteko inolako imintziorik egin.

Ezeren gainetik, katalanek euren etorkizun politikoaren inguruan duten erabakitzeko eskubidea babestu zuen Sturgeonek, eta gaineratu zuen arduratuta zegoela erreferenduma oztopatzeko abian ziren saiakeren ondorioz. Zentzu horretan, Estatu espainiarraren eta Kataluniaren arteko aldebiko prozesu baten alde egin zuen, bien arteko elkarrizketan oinarritutako prozesu baten alde, hain zuzen. Aipatu elkarrizketaren adibidetzat jo zuen Britainia Handiko eta Eskoziako gobernuek 2014ko erreferenduma egin zedin sinatu zuten Edinburgoko Akordioa.

«Uste dut zuzen nabilela esaten badut Kataluniak bizi duen egoera kezkagarria dela. Benetan espero dut bi gobernuen arteko elkarrizketak abiatzea, egoerari aterabide bat eman diezaioten. Hobe litzateke bien arteko elkarrizketa poliziak botopaperen atzetik edota hauteslekuetan sartzen ikustea baino», adierazi zuen Edinburgoko Ganbaran. Gaineratu zuen guztiz dela zilegi Estatu espainiarra Kataluniaren aterabide independentistaren aurka agertzea, «baina uste dut larria dena zera dela: estatu batek herritarrek euren etorkizuna demokratikoki hautatzeko duten erabakitzeko eskubidearen aurka egitea. Autodeterminazio eskubidea nazioarteko printzipio garrantzitsua da eta espero dut guztiaren buruan eskubide hau errespetatua izatea».

«Edinburgoko Akordioa erabat baliagarria den tresna bat da: erakusten du independentziaren inguruan aurkako bi ideia dituzten bi gobernuk akordio bat erdiets dezaketela herritarren erabakitzeko eskubidea bermatzeko». Sturgeonen hitzok alderdi ezberdinetako legebiltzarkideek osatutako talde batek Estatu espainiarraren jarduna iraingarritzat jo ostean iritsi ziren.

Elkartasun adierazpenak, kalean

Elkartasuna jasotzeak asko balio duela esango digu Robin McAlpinek ondorengo lerroetako elkarrizketan, eta, irakasgaia jakinda, praktikara eramaten ari dira eskoziar mugimendu independentistako kideak. Mugimendu horien baitan kokatzen da SNP alderdiaren gazte adarra, eta beronen kide da Rory Steel. Bera, beste hogeiren bat lagunekin batera, Bartzelonan da dagoeneko: «Funtsean, eurengandik ikastera goaz hara, esperientziak trukatzera, baina baita gure babesa agertzera ere». SNPko gazteek bidaliko duten ordezkaritzaz gain, bada beste bat ere, politikari eta idazleez osatua. Azken horiek ikuskaritza lanak egingo dituzte biharko erreferendum historikoan. Bada, baina, bi ordezkaritzak batzen dituen zerbait: guztiek bizi izan zuten 2014ko irailaren 18an Eskozian jazo zena, guztiek dakite zer den independentzia erreferendum bat.

Kataluniari elkartasuna adierazteko lan horretan agente aktibo izaten ari den beste eragile bat Radical Independence Campaign da. Eragilearen sortzaileetako bat da Jonathon Shafi, eta bera izan zen iragan asteko asteazkenean Glasgown egin zen mobilizazioari ahotsa jarri zionetako bat. Madrilgo Gobernua Kataluniarekin izaten ari den jarrera izan zuen hizpide Shafik, eta esan zuen ez zuela baztertzen Londresek ere jarrera bera hartzea baldin eta Eskozia bigarren independentzia erreferendum baterantz abiatuko balitz. «Estatu espainiarrari aurrekari hori ezartzen uzten badiogu, alegia, Estatu espainiarraren jarrera antidemokratikoa ontzat ematen badugu, baliteke Gobernu britainiarrak aurrekari baliagarritzat hartzea berau». Auzia, erregionala edo estatala baino, Europa osoari eragiten diona dela azpimarratu zuen Shafik: «Mundu osoko demokratei dagokigu Kataluniaren ondoan egotea».

 

Robin

McAlpine

«Uste genuen gurea gogorra izan zela, baina sobera erasokor ari da erantzuten Madril»

Iritsi dira Eskoziara ere Kataluniaren hotsak eta, modu batean edo bestean, izan du aferak eraginik bertako mugimendu independentistarengan. Ondo ezagutzen ditu Robin McAlpin estratega politiko eta Common Weal thin tank-aren zuzendariak Eskoziako independentisten ajeak. Distantziatik baina gertutik ari dira jarraitzen katalan independentisten mugimenduak, zoriak bestelako patu bat eskainiko dielakoan.

Badaki Eskoziak Kataluniak independentziaren inguruak erabakiko duela bihar?

Erresuma Batuan egin den gaiarekiko jarraipena nahiko mugatua izan dela esan dezakegu eta, ondorioz, ez da iritsi lehen mailako afera politiko baten maila hartzera. Eskozian, baina, eta bistako arrazoien ondorioz, beste dimentsio bat hartu du aferak, bai independentzia zaleen bai hedabide independentisten artean batez ere. Ondorioz, handiagoa da gaiarekiko sektoreok duten jakintza. Finean, baina, esan behar da Erresuma Batua ez dela atzerriko albisteak serioski hartzearen aldekoa, are gutxiago herrialde ez anglosaxoiez ari bagara.

Zer da eskoziar gizarteak bihar Katalunian gertatuko denaren inguruan dakiena eta nondik jaso du informazio hori?

“The National” egunkaria eta CommonSpace webgunea bezalako hedabide independentistek gaiaren inguruko jarraipen zabala egin dute. Bestelako hedabide nazional batzuek ere eskaini dizkiote lerro batzuk aferari, nahiz eta profil baxuko albisteak izan diren oro har. Eta Eskoziako BBC kateak berak ere egin du zerbait. Alegia, mainstream-ak jarraitu du afera, nahiz eta ez nukeen esango lehentasunezko kontu bat izan denik euretako askorentzat. Normala denez, independentistek sare sozialak baliatu dituzte informazioa hedatzeko.

Zein da eskoziar gizartean Katalunian gertatzen ari denarekiko gailentzen den sentimendua?

Une hauetan shock sentsazio batez hitz egingo nuke. Hemen uste genuen gurea [2014ko independentzia erreferenduma] zaila izan zela, baina Madril kontuari erantzuten ari zaion modua sobera erasokorra eta harroa da. Eskoziar alderdi politikoei dagokionez, zuhurtzia jarrera bat hartu dutela esango nuke, kanpoko herrialde baten mugimendu independentistaren baitan ez eragiteko hautua. Baina, orokorrean hitz eginda, Kataluniarekiko berotasun eta sinpatia maila ikaragarria da Eskozian.

Bada, aktiboki, Kataluniako erreferendumari babesa adierazten ari zaion eragile edo mugimendurik?

Radical Independence Campaign-eko kideak modu oso organizatuan ari dira elkartasun ekimenak antolatzen eta, pixkanaka, Eskozia osora ari dira hedatzen hauek. Ez dakit zenbaterainoko eragina izan dezaketen ekimenok, baina ongi dakigu hemen elkartasunak asko balio duela. Nahiko nuke Kataluniatik ikustea Eskozia bere babesa ematen ari zaiela, nahiko nuke sentitzea gure gurari positibo guztiak eurekin dituztela.

Ari dira mugimendu hauek Katalunia eta Eskoziaren arteko alderaketarik egiten?

Kontu ia biblikoa da hemen Eskoziak ezin duela bere independentzia prozesua munduko beste edozein herrialdetakoarekin alderatu. Unionismoak saldu nahi izan du ez dagoela autodeterminazio eskubidearen aldeko mugimendu demokratiko globalik, saldu izan du mugimendu hauek arrangura ezberdinak dituzten erregio isolatuen kontuak direla. Baina dialektika hori gatazka sozial ororekin ikusi dugu. Horrek, baina, ez dauka errealitatearekin zerikusirik.

Uste duzu bihar Katalunian gertatuko denak izan dezakeela eraginik Eskoziaren etorkizun politikoan?

Ez dut uste biharko erreferendumaren emaitzek nolabaiteko eraginik izan dezaketenik Eskoziaren prozesu independentistaren baitan. Erresuma Batuak ezarria dauka jada aurrekari bat: posible da bi gobernuen arteko akordio baten ondorioz antolatutako independentzia erreferendum bat egitea. Uste dut oso zaila litzatekeela eurentzat atzerapauso nabarmena eman eta printzipio hori hankaz gora botatzea. Nolanahi ere, bada antzerakoa izango den zerbait: Londresek ez dio Eskoziari bigarrenez bozkatzen utziko. Ezezkoaren garaipena argi ikusten zutelako bultzatu zuten Edinburgorekiko akordioa, baina zentzu horretan bederen amaitu dira ziurtasunak. Ez dute bigarren aukerarik bultzatuko.